Joan eduki nagusira

zoom Ardiak bazkan Pirinioetan

Ardiak bazkan Pirinioetan

"Abeltzaintza estentsiboaren erronka berriak: galbidean dagoen kontserbazio-eragile bat" lelopean inauguratuko da hurrengo astelehenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Larreen Azterketarako Espainiar Elkartearen 51. biltzarra. Maiatzaren 18ra arte hainbat espezialitatetako ehundik gora aditu eta ikertzaile bilduko dira Iruñean. Bilera zientifiko honetan gonbidatuen ponentziak komunikazioen aurkezpenak eta landa bisitak izango dira, eta nabarmendu egin nahi du larreak eta abeltzaintza estentsiboak garbitzaile biologiko gisa eta inguru naturalari estuki lotutako landa populazio zaintzaile baten iraunarazle gisa iraunarazteak duen garrantzia.

Rosa María Canals NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko kideak eta biltzar hau antolatu duen Ikerketa Taldeko kideak azaldu duenez, "Azken hamarkadetan, aziendaren gutxitze handia eta larreetako abeltzaintza estentsiboaren atzerakada paisaia goitik behera aldatzen ari dira, eta Nafarroan ere aldaketa hauek gertatzen ari dira: lehen belar eremu irekiak zirenak sasiarte trinko eta oihan bihurtzen ari dira sarri, eta prozesu hau oso nabarmena izaten ari da gure Pirinioetan belaunaldi baten tartean".

Testuinguru horretan, klima-aldaketatik eratorritako arrisku gehitu behar da, klima bero eta lehorragoa baitugu orain Iberiar Penintsulan. "Jendez hustu den eta gero eta sasiarte eta ohian gehiago eta mosaiko paisaia gutxiago dituen landa inguru batean, biomasa erregaiaren metaketa eragotzi beharreko arazo larria da", azaldu du Canals irakasleak.

zoom Errege Bardea

Errege Bardea

Arazo horretaz gainera, adituek beste gai batzuk aztertuko dituzte. Esaterako, abeltzaintza estentsiboa lehen mailako ekonomia eta gizarte baliabide gisa, bai elikagai seguru, osasungarri eta kalitatekoak lortzeari eta egiteari dagokionez, bai ingurumenaren kontserbazioaren eta lurraldearen erabilpen osoaren ikuspegitik nekazaritzako elikagaien ekoizpenari dagokionez. Laburbilduz, biltzar hau topagune bihurtu nahi da XXI. mendearen ingurumarietan larreek duten zereginari buruz eztabaidatzeko, dituzten arazoak, ahalmenak eta etorkizuneko erronkak aztertzeko eta beren funtzionamenduaren ezagutza zientifikoan sakontzeko diziplina anitzeko ikuspegi batetik.

Nafarroako lurraldearen % 21 zuhaitzik gabeko baso-eremuak dira, eta zuhaixkak eta belar larreak dira nagusi haietan. Belardien eta bazken laborantzak foru lurraldearen % 5 hartzen du, eta uztondo eta laboreek, zeinek mediterranear eremuetan abeltzaintzarako balio estrategikoa baitute, lurralde osoaren % 19 hartzen dute. Laburbilduz, abeltzaintza eta nekazaritzaren interesekoak diren eta hurrengo urteetan sozioekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik zeregin garrantzitsua izango duten lurrek Nafarroako lurraldearen % 45 hartzen dute.

Ehun ikertzaile eta gonbidatuen lau ponentzia

Duela 50 urtez geroztik Larreen Azterketarako Espainiar Elkarteak bilera zientifikoak egiten ditu aldian behin, tokiz aldatuz, eta bilera haietan hainbat espezialitatetako ehun ikertzaile inguru elkartzen dira: nekazaritza arlokoak, basogintzakoak, ekologialariak, albaitariak, botanikariak, bromatologoak, edafologoak, kimikariak, etab. Elkartearen helburu nagusia Espainiako larreen ezagutza eta hobekuntza sustatzea da, 232 bazkide ditu eta erakunde hauek parte hartzen dute bere jardueretan: 29 unibertsitate, CSIC, INIA, CIEMATeko 10 zentro, I+G-eko 23 zentro autonomiko, Ingurumen, Landa Ingurune eta Itsas Inguruneko Ministerioa, 12 kontseilaritza eta hainbat nekazaritza eskola eta aholkularitza.

Hogei urte eta gero berriro Iruñean egingo da biltzar hau, eta 4 gai izango ditu ardatz: Baso-larregintzako sistemak eta baliabideak, Larreen botanika eta ekologia, Lareen landare-ekoizpena eta larreak oinarri dituen animalia-ekoizpena. Biltzarrean gonbidatuen ponentziak eta komunikazioen aurkezpenak (65) egingo dira, bai eta programatutako hiru landa bisita ere Pirinioetako ibarretara (Erronkariko ibarrera), Kantabriar ibarretara (Etseberri, Oskotz eta Ultzamako biometanizazio planta) eta Errege Bardeetako Natura Parkera.

Inaugurazio ofiziala maiatzaren 14an, astelehenean, egingo da, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan, Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean. Inaugurazio-ekitaldian izango dira Julio Lafuente López NUPeko errektorea, Lourdes Goicoechea Zubelzu Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria; Jesús María Echeverría Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuko zuzendari kudeatzailea (INTIA); eta Alfonso San Miguel SEEPeko lehendakaria.

Gonbidatuen ponentziei dagokienez, programa maiatzaren 14an, astelehenean, 10:00etan hasiko da, “Las facerías internacionales en el Pirineo: historia, actualidad y futuro” izenburua duen ponentziarekin, Martín Razquin Lizarraga Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Zuzenbideko katedradunaren eskutik. Asteartean, 9:00etan, María Teresa Sebastià Álvarez Lleidako Unibersitateko irakasle titularrak parte hartuko du “Biodiversidad y servicios ecosistémicos en pastos: distribución y respuesta al camino global” izenburua duen ponentziarekin. Asteazkeneko gonbidatuen ponentzia, hura ere 9:00etan, Juan Manuel Intxaurrandietarena da, INTIAkoa, eta haren izenburua honako hau da: "Gestión técnico-económica de explotaciones de rumiantes en Navarra. Evolución y perspectivas". Azkenik, ostegunean, 10:00etan, Ignacio Delgado Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Zentroko kideak parte hartuko du “Abandono de tierras y cubiertas verdes orientadas a la producción de pastos en zonas áridas y semiáridas” izenburua duen ponentziarekin.