Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gobernu Kontseiluaren bidez, (NADOE) Nafarroako Doktoretza Eskolaren sorrera onetsi du. Unitate hori arduratuko da doktoretzako ikasketa eta jarduera guztiak biltzeaz, doktoretza baita kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa. Gainera, Unibertsitate master ofizialeko ikasketak ere antolatu ahalko ditu.
Neurri hau hartu da doktoretza ikasketen arau berrietara egokitzeko, 2011n gai horri buruzko Errege Dekretu bat onetsi baitzen, eta horretan unibertsitateei doktoretza eskolak sortzeko aukera aitortzen zaie, doktoretzaren inguruan dituzten estrategiak sustatzeko. Estatuko legeria honetan biltzen dira Europako gomendioak doktoretzari dagokionez, doktoretza, ikerketa karreraren lehen etapa izateaz gain, inguru konplexuetan aurrera egiteko gai diren eta ekiteko eta erabakitzeko ahalmena duten eta jakintzan oinarritzen den hazkunde ereduan laguntzen duten profesionalak sortzen dituen unibertsitate zikloa izan dadin.
Horren harira, (NADOE) Nafarroako Doktoretza Eskola saiatuko da doktoreen prestakuntza hobetzen, bai ikerketarekin bai zeharkako gaitasunekin lotutako alderdietan. Gainera, eskolak "doktoreak gizartean eta ehun produktiboan txerta daitezen lagundu beharko du, eta haien arteko loturak sortu, doktoreen geroko bizitza profesionalean", Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren erabakian jaso bezala.
(NADOE) Nafarroako Doktoretza Eskola diziplina anitzekoa eta diziplina artekoa izango da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren tamaina eta izaera kontuan hartuta, eta ondorioz, edozein jakintza arlotako doktoretza programak bilduko ditu. Zehazki, "Unibertsitatean prestakuntzan dabiltzan ikertzaile guztien topagune eta elkarreraginerako gunea izango da, eta zientzien, ingeniaritzen, giza zientzien eta gizarte zientzien arteko elkarrizketa sustatuko da".
Aipatu Eskolaren beste helburu batzuk dira doktoregaiek kalitatezko ikerketa egin dezaten behar den esparrua sortzea; beren artean komunitate zentzua sustatzea; nazioko eta nazioarteko mugikortasuna sustatzea, bai hirugarren zikloan dabiltzan ikasleena bai beren irakasle eta tutoreena; doktoregaien eta prestakuntzan dabiltzan ikertzaileen kopurua handitzea; eta unibertsitatetik ateratakoen ibilbide profesionalaren jarraipena egitea.
Kanpoko lankidetza
Nafarroako Unibertsitate Publikoak badu asmoa Eskolaren jardueretan parte har dezaten kanpoko entitateek, ikerketa zentro publikoek, enpresa publiko edo pribatuek eta izaera soziala duten instituzioek, lortzeko doktoretza hobeki egokitzea gizartearen beharretara.
Doktoretza Eskola hau abian jartzeak ez dio galaraziko Nafarroako Unibertsitate Publikoari unibertsitatearteko beste eskola batzuetan parte hartzea. Horrela, Nafarroako Unibertsitateak Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateekin batera parte hartzen duen Campus Iberus programak bere proiektu gakoen artean dauka Nazioarteko Doktoretza eta Graduondoko Zentro bat, Doktoretza Eskola Komun baten sorrerara eraman dezakeena.
Antolamenduaren ikuspuntutik, Nafarroako Doktoretza Eskolak edukiko du Zuzendaritza Batzorde bat eta zuzendari bat, gutxienez, ikerketa jarduerako hiru aldi aitortu izango dituena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak erabaki hau igorri dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Doktoretza Eskola Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan (UITE-RUCT) sar dezan.