Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge Oteiza Katedrak nazioarteko sinposio bat antolatu du maiatzaren 29 eta 30ean Nafarroako Museoan, eta arte garaikidea nola epaitu behar den aztertuko dute hainbat adituk. Sinposioaren izenburua “Arte Garaikidea epaitzen" da, Juliane Rebentisch Offenbach-eko Arte eta Diseinu Unibertsitateko (Alemania) Filosofia eta Estetika irakasleak zuzenduko du, eta esaterako museistikaren, artearen filosofiaren edo ikus-entzunezkoen esparruan nazioartean ospe handia duten hizlariek parte hartuko dute. Onartzeko epea irekita dago maiatzaren 23ra arte, eta internet bidez egiteko aukera dago http://www1.unavarra.es/catedrajorgeoteiza webgunean. Salneurria 35 euro da (20 euro ikasleentzat).
Mapfre Fundazioarekin lankidetzan antolatu du sinposio hau Jorge Oteiza Katedrak eta 2009az geroztik antolatzen duen laugarren nazioarteko sinposioa da. Programa hau bera Madrilen egingo da ekainaren 1 eta 2an Mapfre Fundazioaren egoitzetako batean.
Arte garaikidea ez da aintzat hartzen sarritan, judizio arauemaile orori ihes egiten diola baitirudi. Bere adierazpen baliabideak nahastuz eta artea denaren eta ez denaren arteko mugak aldatuz, arte garaikideak zalantzan jartzen du ez bakarrik arteen sistema, dagokion lan indibidualaren beraren mugak ere bai. Ohiko artelanekin ez bezala, badirudi ez dagoela argi nola epaitu behar den arte garaikidea.
Ez da harritzekoa batzuek artearen (eta artearen historiaren) amaieratzat hartzea hori. Tesi honen arabera, arte garaikideak ez du onartzen iraganeko lanarekin alderatzea, ez eta bestelako etorkizun bat edo hobe bat agintzen ere. Aitzitik, betiereko "oraina" eskaintzen du, zeinean bai baitirudi soilki "interesgarria" dena dela geratzen den irizpide bakarra.
Jorge Oteiza Katedrak antolatutako diziplinarteko sinposzioak eztabaida hau izango du aztergai judizio estetikoaren praktika eta izaera berraztertuz. Izan ere, artearen azken urratsek ez diete aurre egiten lehenagoko artelanak epaitzeko erabili ditugun kategoria kritikoei bakarrik, ez dute bakarrik eskatzen gure irizpide bereizgarriak ikertzea. Arte garaikideak eskatzen diguna zerbait funtsezkoagoa da. "Artearen erakundeari" aurre eginez, zeregin kritikoa berarengana bihurtzera behartzen gaitu.
Ziklo honetako hizlariak honako hauek dira: Dieter Roelstraete, prestakuntzaz filosofoa eta Chicagoko Arte Garaikideko Museoko "Manilow Senior" kontserbatzailea; Christiane Voss, Komunikabideen Filosofiako eta Ikus-entzunezkoen Filosofiako irakaslea da Weimarreko Bauhaus Unibertsitatean; Christoph Menke, filosofoa, etikan eta estetikan aditua eta Filosofia Praktikoko irakaslea Frankfurt am Maineko Goethe Unibertsitatean; Bojana Kunst, Filosofoa, interpretazioaren teorikoa, antzerkigilea eta irakaslea Hanburgoko Unibertsitateko Interpretazio ikasketen Zentroan, arte eszeniko esperimentaletan; eta Alexander García Düttmann, estetikan, etikan eta filosofia politikoan espezializatutako filosofoa eta Filosofiako eta Ikusizko Kulturako irakaslea Goldsmiths Collegen (Londresko Unibertsitatea).
Nazioarteko sinposioko programa osoa eta hizlarien ibilbide profesionala kontsultatzeko aukera dago helbide honetan: http://www1.unavarra.es/catedrajorgeoteiza