Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleek hasiera emango diote Unibertsitateko Eztabaida Juridikoari buruzko II. Ligari, asteazken honetan, apirilaren 18an. Ekimen honen bidez hainbat trebetasun landu nahi da, esaterako hitz egiteko, taldean lan egiteko, informazioa aztertzeko eta argudioak emateko gaitasuna. Lau talde lehiatuko dira sari honen bila. Lehiaketa 16:00etan hasiko da, Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ekitaldi aretoan, Haginak eraikineko beheko solairuan dagoena. Honako galdera hau da ikasleek eztabaidatu behar dutena: 3/2012 Errege Dekretu-legeak onetsi duen lan erreformak balio izango du, epe ertainean, Espainako langabezia-maila txikiagotzeko?

Lehengo fasean, liga bat egingo da, eta talde guztiak elkarren aurka lehiatuko dira. Eztabaida bakoitzak 22 minutu iraungo du, eta denbora horretan talde bakoitzak hasierako azalpen bat egingo du. Gero erantzuteko txandak etorriko dira, eta azkenean, ondorioak. Talde bakoitzak aldeko edo aurkako jarrera defendituko duen, eztabaida hasi baino pixka bat lehenago zozketatuko da. Azken saioa bihar izango da, ostegunean, 17:30ean.

Epaimahaiak honako hauek balioetsiko ditu: taldeen argudioen aniztasuna, eztabaidara ekartzen diren ebidentzien zorroztasuna eta aniztasuna, hizlariaren kanpo baliabideak, emandako argudioak eta erabilitako hizkera egokia eta aberatsa izatea. Irabazten duen taldeak 500 €ko saria eskuratuko du, eta NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultatea ordezkatuko du parte hartuko duen gainerako lehiaketetan. Bigarren sailkatzen denak 300 euro eramango ditu, eta epaimahaiak 200 euroko sari bat emango dio hizlari onenari.