Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Julio Segura Moneo (1945-2009) Tuterako artxibozaina zenari eskaini dio Huarte de San Juan aldizkariaren 18. zenbakia, artxibozaina bere bizitzaren hainbat unetan ezagutu zuten berrogeita hamar pertsonaren lekukotasunaren bidez. NUPeko Geografia eta Historia Sailak editatu du liburua, Tuterako Udalarekin elkarlanean. Liburuaren osagarri, hainbat ikertzailek, zeinen artean Julio Segura bera baita, txosten zabal bat egin dute, Tuterako historiaren eta artxiboen aldiak aztertzen dituena.

Huarte de San Juan aldizkariaren 18. zenbakia astearte honetan, apirilaren 3an, aurkeztuko da NUPen Tuterako campuseko ekitaldi aretoan. Eloísa Ramírez, Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea izango da ekitaldiaren burua, eta ondoko lagun hauek egongo dira berarekin: Luis Casado, Tuterako alkatea; Ana Pérez, Julio Seguraren alarguna; Ángel García-Sanz, NUPeko historia garaikideko katedraduna eta aldizkariaren zuzendaria; Beatriz Pérez, Tuterako udal artxibozaina; eta Íñigo Pérez, artxiboko teknikaria.

Liburuaren hasieran Seguraren berri ematen duen artikulu bat dago, Beatriz Pérez Tuterako artxibozainak idatzitakoa. Bertan azaltzen du argitalpen honen asmoa izan dela bizi izan zuen gizartearen eta historiaren hari eroaletzat Julio Segura aurkeztea. Horretarako, haren bizitzaren hainbat alditan eta eremutan ezagutu zuten eta bizi izan ziren berrogeita hamar lagunen lekukotasunak hartu dira aintzat. Horrela, haren bizitzaren berri ematen dituzten artikuluak gertuko ahaideek, Tuterako Udaleko kideek, politikariek, artxibozainek edo historialariek idatzi dituzte. Horien artean honako hauek daude: Seguraren alarguna eta seme-alabak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko sei irakasle, Iruñeko, Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Erret Artxibo Nagusiko artxibozainak, hurrenez hurren José Luis Molins, Luis Javier Fortún eta Juan José Martinena (azken hau dagoeneko erretiratua), Nafarroako Gobernuko bi lehendakari ohi, Juan Cruz Alli eta Javier Otano eta Tuterako alkateak, Luis Campoy eta Luis Casado. Andorrako Printzerriak Egoitza Santuaren aurrean daukan aparteko enbaxadore guztiahalduna Antoni Morell i Morak, idazlea ere badenak, bere lekukotasuna eskaini du, eta ondoko beste hauek ere bai: Javier López Ariztegui Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren burua eta kantzelariordeak, Benjamin R. Gambel Ameriketako Teologia Judutarraren Mintegiko historia judutarraren ikertzaileak, eta Clemente Serna Siloseko Monastegiko abadeak.


Tuterako Udaleko artxibozaina 1972tik


Julio Segura Tuteran jaio zen, 1945ean, eta Tuterako Udaleko artxibozaina izan zen 1972ko irailean izendatu zutenetik hil zen arte, 2009ko apirilean. Ezkondua zen eta bi haurren aita. Udalaren Kultur Arloko burua izan zen 10 bat urtez, eta Castel-Ruiz Kultur Zentroa, Tuterako Museoa eta César Muñoz Sola Museoa sortu edo bultzatu zituen.

Ikertzaile moduan, oso lotuta egon zen Tuterako historiarekin. Historialari moduan egin zuen doktoretza tesiaren titulua honako hau izan zen: “La Sociedad Económica de Amigos del País de Tudela”. Horretaz aparte, hainbat argitalpen eta lan egin zituen, bakarka edo taldeka, Erdi Aroko Tuteraz, Dekanotza Jauregiaz, Tuterako parte zaharraz edo Tuterako Eliza-artxiboez.

Julio Segurak idatziriko “Un espacio para la fiesta: la Plaza Nueva” izenburuko azterketa da Huarte de San Juan aldizkariaren 18. zenbakiak biltzen duena, Tuterako historiari eta artxiboei buruzko txostenaren barruan. Denetara hamaika ikerketa-lan bildu dira, eta ukitzen diren gaiak, honako hauek, besteak beste: Tuterako konkista kristaua, Jerusalengo Donibane Ordena Tuterako erriberan, eta hiriaren irudia Errenazimentuko mendean.