Joan eduki nagusira

zoom Pegatinetako bat, Ikasgelategiaren ondoko txirrindulen aparkalekuaren ondoan jarrita.

Pegatinetako bat, Ikasgelategiaren ondoko txirrindulen aparkalekuaren ondoan jarrita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den astean abian jarriko du kanpaina parte-hartzaile bat dauzkan 25 historia-urteetan gizarte mailan egindako lorpenak ikustaraztea eta etorkizunean aurre egin beharreko erronkak azaltzea xede duena. Ekimena unibertsitateko kide guztiei zuzenduta dago, eta aukera ematen da nork bere ikuspuntua agertzeko lortutako emaitzei dagokienez gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun gaietan, eta kultura aniztasunari, desgaitasunari, gizarte erantzukizunari, osasunari, boluntariotzari edo ingurumenari dagokienez.

Kanpaina NUPen 25. urteurrenaren ospakizunen harira antolatu diren ekitaldietako bat da, "Uniberts-soziala, urratsez urrats" izenburua du, eta martxoaren 26tik 30era egingo den ekintza batekin hasiko da. Egun hauetan, unibertsitateko kide guztiei (irakasleak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) kit bat emango zaie, lau itsaskin dituena, bi atzealde berdedunak eta beste biak gorridunak, eta horietan aztarna zuri bat egongo da marraztuta. Parte hartzen dutenek, atzealde berdedunetan lorpenetako bat idazteko aukera dute, eta gorrietan, konpondu beharreko egoera edo arazo bat jarriko dute.

Itsaskinak campuseko leku ikusgarrietan jarriko dira, argazkiak aterako zaizkie eta NUPeko webgunean (www.unavarra.es) jarriko dira ikusgai. Biltzen den material guztia gaika eta arloka batuko da, eta webgunean jarriko da guztiok nahi erara kontsultatzeko. "Uniberts-soziala" programa osatzeko, Ikasgelategian erakusketa bat jarriko da apirilaren 23tik maiatzaren 11ra, eta komunitateko kideen ustez lortutako lorpenak eta planteatutako erronkak bilduko dira bertan. Ekimen honi buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgune ofizialean dago kontsultatzeko.

Azkenik, kanpainaren beste xede bat da, halaber, unibertsitateko kideak sentsibilizatzea gizartearen eraikuntzan modu aktiboan parte hartzearen beharraz, heldu den astean NUPen egingo den jokoen eta antzerki ariketei buruzko lantegi baten bidez.

Helburu estrategikoak

Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren Osasun Laguntzarako, Gizarte Ekintzarako eta Berdintasunerako Unitateak sustatu du kanpaina hau, eta balioetsi nahi du gizarte gaietan jorratutako politikek unibertsitate komunitatean izan duten inpaktua, eta ezagutu unibertsitatea osatzen duten taldeek dituzten kezkak. NUPen 2011-14 Plan Estrategikoak planteatzen du instituzioak bere jarduera guztietan ezarriko dituela erantzukizun sozialeko irizpideak, eta bere taldearen bizi profesionala hobeki garatzeko aukera ematen duen lan ingurua sorraraziko duela.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak dauzkan 25 urteetan zehar hainbat programa garatu ditu gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, irisgarritasuna, kultura aniztasuna edo osasunaren sustapena xede dutenak. Azken gai honi dagokionez, NUPek berriki onetsi du Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Plana, 2015. urtera arte indarrean dagoena, eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko Osasun Publikoaren Institutuarekin koordinaturik garatzen duena.