NUPek lankidetza hitzarmen bat sinatuko du hurrengo astean Japonen Niigatako Unibertsitatearekin (Japonia). Hitzarmenak ezartzen du lankidetza hitzarmen bat sinatuko dutela NUPek eta Nekazaritza Ingeniarien Eskolak eta aipatu unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako Graduondoko Eskolak, bai eta bi erakundeen artean ikasle trukerako akordioa ere. Javier Casalí Sarásibar NUPeko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak Niigatan sinatuko du hitzarmena, eta errektoreordeak Japoniako egonaldia baliatuko du Yamaguchi Prefekturako Unibertsitatea bisitatzeko, NUPek eta unibertsitate horrek ikasleen trukerako hitzarmena baitute, eta baita Narako Zientzia eta Teknologia Institutua (NAIST).
Niigatako Unibertsitateak proposatu du hitzarmenak sinatzea, eta berak ordainduko ditu bidaia eta egonaldi gastuak. Lehenengo hitzarmena NUPen eta Nekazaritza Ingeniarien Eskolaren eta Niigatako Unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako Graduondo Eskolaren artean sinatuko da, eta bere xedea da irakasle, ikertzaile eta ikasleen trukea sustatzea, lankidetza azterketak egitea edota hitzaldiak eta mintegiak egitea. Hitzarmen honek bost urteko indarraldia izango du, eta bi eskoletako dekanoek sinatuko dute.
Bestalde, Javier Casalík eta Fumitake Gejko Niigatako Unibertsitateko lehendakariak sinatuko dute ikasleen trukerako hitzarmena. Gehienez ere unibertsitate bakoitzeko bost ikaslek parte hartuko dute trukean, eta ikasketa-aldia, hasiera batean, urtebetekoa izango da.
Unibertsitate honetan, Javier Pozueta Agrobioteknologia Institutuko Karbohidratoen Metabolismoari buruzko Ikerketa Taldeko arduradunak –NUPen, CSICen eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa da hori– martxoaren 22an hitzaldi bat emango du, eta landareetako almidoiaren metabolismoarekin lotutako lan baten azken emaitzak aurkeztuko ditu.
Niigatako Unibertsitateak bederatzi fakultate, graduondoko bost eskola, bi lanbide eskola eta Burmuinaren Ikerketarako Institutu bat ditu, bai eta Niigatako Unibertsitatea Medikuentzako eta Hortzetako Ospitalea ere. 13.000 ikasle ditu eta 2.600 irakasle eta administrazio arloko langile.
Bisita Yamaguchira eta trukea Nararekin
Javier Casalík Japoniara egingo duen bisita osatzeko, Yamaguchi Prefekturako Unibertsitateko arduradunekin bilera egingo du. NUPek lankidetza hitzarmen bat dauka aipatu unibertsitatearekin. Errektoreordeak Erizaintza Eskola eta Yamaguchiko Arte Zentroa bisitatuko ditu eta unibertsitateko lehendakariarekin eta arduradun batzuekin bilduko da.
Azkenik, Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak Narako Zientzia eta Teknologia Zentroan (NAIST) aurkeztuko ditu Japoniako erakundearekin lankidetza hitzarmenak sustatzeko interesa duten NUPeko hiru ikerketa talderen lan lerroak. Zehazki, Casalík ezagutaraziko ditu talde hauen lan nagusiak: Animalia Ekoizpeneko eta Haragiaren Teknologiaren Kalitateko Ikerketa Talde –talde honen arduraduna Antonio Purroy Animalia Ekoizpeneko katedraduna da–; eta Agrobioteknologia Institutuko taldeak: Agrobioteknologia Institutuko Karbohidratoen Metabolismoari buruzko Ikerketa Taldea –Javier Pozueta da zuzendaria–, Biofilm Mikrobianoei buruzko Ikerketa Taldea –Iñigo Lasa da arduraduna–.