Martxoaren 15ean, ostegunean, hauteskundeak izango dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Fakultateko dekanoak eta Eskolako zuzendariak aukeratzeko. Prozesua NUPen Estatutuetan egindako azken aldaketaren ondorioz onetsi zen sistema berriaren bidez egingo da, eta horregatik, lehenengo aldiz irakasleek eta ikasleek zuzenean aukeratuko dituzte ikastegietako ordezkari gorenak, boto haztatuaren bidez. Zehatz esateko, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendariak aukeratuko dira. Gainera, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko eta Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak izendatuko dituzte.
Bi ikastegitan baizik ez da lehia izango, haietan bi irakasle aurkeztu direlako beren hautagaitza. Hala, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan oraingo zuzendaria, Ignacio R. Matías Maestro, eta José Sancho Rodríguez izango dira hautagaiak. Bere aldetik, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean hautagaiak oraingo dekanoa, María Jesús Goikoetxea Tabar eta Eduardo Lacasta Zabalza dira hautagaiak. Gainerako ikastegi eta fakultateetan, hautagaiak honako hauek dira: Pablo Arocena Garro (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean), José Francisco Alenza García (Zientzia Juridikoen Fakultatean) eta Alberto Enrique Martín (Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan). Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendaria izateko ez da hautagaitzarik aurkeztu. Beraz, Estatutuek ezartzen duten bezala, errektoreak aukeratuko du behin-behinean funtzio hauek beteko dituen lotura iraunkorreko irakaslea, zuzendaria izan dadin.
Hautaketa modu berria
Estatutuetan izandako azken aldaketak berrikuntzak ekarri ditu fakultateko dekanoak eta eskolako zuzendariak hautatzeko moduan. Orain arte Gobernu Kontseiluak izendatzen zituen, betebehar jakin batzuk bete eta hautagai aurkezten ziren irakasleen artean. Aldaketa gertatu eta gero, ikastegiei atxikiriko irakasleek eta ikasleek hautatzen dituzte ikastegiotako arduradun gorenak. Botoa haztatua da, unibertsitate komunitateko arloen arabera. Lotura iraunkorra daukaten irakasleen kasuan, beren ehunekoa % 59 da. Gainerako irakasle eta ikertzaileen botoak % 21 egiten du, eta ikastegiaren titulazioetan matrikulatutako ikasleenak % 20 egiten du.
Datorren ostegunean, martxoaren 15ean, 12:00etatik 17:00etara ematen ahalko da botoa, etenik gabe. NUPeko Estatutuen arabera, bigarren itzuli bat egitea zilegi da, baldin eta hautagaietako inork ez badu botoen erdia gainditzen; baina hau ez da gertatuko, inon ez direlako bi hautagaitza baino gehiago aurkeztu.
Hautagaiak hautetsi aldarrikatzea, litezkeen erreklamazioak ebatzi eta gero, martxoaren 22an izango da. Hauteskunde hauetako egutegia eta hautagaitzak, oso-osorik, www.unavarra.es web-orrialdean daude ikusgai.