Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Marta Vera, Eloísa Ramírez eta Karlos Alastruey

Ezkerretik eskuinera, Marta Vera, Eloísa Ramírez eta Karlos Alastruey

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planak 2015era arteko indarraldia izango du, eta azpimarratu egingo ditu ikasleek parte hartzeko bide berriak, lanean osasuna sustatzeko jarduerak eta praktika hauen sustapena Gradu titulazioetan. Plan honek 2005etik 2010era arte indarrean egon zen lehenengo plana ordezten du, eta ostegun honetan aurkeztu da. Aurkezpen ekitaldian film labur bat ere eman dute, eta filmak gorputz irudiaren eta bere nahasteen arazoa aztertzen da NUPen kokatutako fikziozko istorio baten bidez.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Eloísa Ramírez NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea, Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria eta Karlos Alastruey film laburraren zuzendaria eta NUPeko irakaslea.

NUPek eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Osasun Publikoaren Institutuak sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez sustatu dira Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planak. Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planaren Zuzendaritza Batzordeak berriki onetsi du dokumentua. Goian aipatutako bi erakundeek ordezkaritza dute organo hartan.

Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planak eta I. Planak esparru teoriko bera dute, baina plan berriak ekarpen eguneratuak ditu. Haien artean aipatzekoa da Iruñeko Adierazpena, NUPek 2009an antolatutako Unibertsitate Osasun sustatzaileen IV. Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuten unibertsitateek sinatua. Horretaz gainera, Unibertsitateko Ikasleen Estatutua ere badauka. Estatutuan behin baino gehiagotan aipatzen da Unibertsitatea aztura osasungarrien sustatzaile gisa eta bere campusek iraunkorrak, osasungarriak eta solidarioak izan behar dutela. Azkenik, gogoan izan behar da NUPeko 2011-15 Plan Estrategikoak jarduera soziosanitarioak egiteko premia aipatzen duela gizarte-erantzukizunari buruzko ardatzean.

Planaren ardatzak sendotzen dira

zoom Film laburra iragartzen duen kartela

Film laburra iragartzen duen kartela

NUPek lehen planari buruz egindako ebaluazioa erabakigarria izan da bigarren planaren lerroak ezartzeko. Unibertsitateko komunitatearen osasunari, ongizateari eta bizi kalitateari buruzko azterketa baten bidez 2006an lortutako diagnostikoa oinarri eraginkorra izan da bigarren planaren ardatzak eta sendotu behar diren arloak finkatzeko.

Dokumentuak lanean osasuna sustatzeko jarduerak azpimarratzeko apustua egiten du. Halaber, unibertsitateko irakasleekin elkarlana indartzea proposatzen du, osasun sustapena Gradu titulazioetara hurbiltzeko. Zerbitzuen eta jardueren eskaintzari dagokionez, gaur egungoei eusten zaie, bereziki ikasleei zuzendutakoak. Azken horien artean aipatzekoak dira osasun agenteen lantegiak, Gozamenez programa edo sexu hezkuntzari buruzko jarduerak.

Azkenik, ikasleek parte hartzeko bide berriak eta REUS sarearekin edo Osasuna sustatzen duten Iberoamerikako unibertsitateen sarearekin elkarlanean aritzeko bideak ezartzearen aldeko apustua egiten du Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planak. NUPek sustatu zuen Unibertsitate Osasungarrien Espainiar Sarea (REUS) 2006an, eta gaur egun 30 unibertsitatek, Osasun Ministerioak eta CRUEk parte hartzen dute.
Dokumentua osorik jaisteko:http://www1.unavarra.es/unidadaccionsocial/

Gorputz irudiari buruzko film laburra

Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planetik egindako azken jardueretako bat gorputz irudiari eta bere nahasteei buruzko film labur bat da. Ideiaren sorreran NUPeko osasun-azterketa bat dago. Azterketaren bidez frogatu zen gazte asko, bereziki emakumeak, ez daudela pozik ezta eroso ere beren gorputzarekin, eta, horretaz gainera, haien pertzepzioa ez zaiola errealitateari egokitzen.

Karlos Alastrueyk zuzendu du film laburra. Zuzendariak NUPen girotutako fikiozko istorio bat asmatu zuen eta ikasleek istorioarekin bat egiteko itxura guztiak ditu. "Goiatz" filmeko protagonista bere gorputz irudiarekin obsesionatzen hasitako ikasle bat eta lagun bat imitatzeko ahaleginak bere burua isolatzera darama. Alastruey "Argiaren oihana" eta "Itzala" film laburren egilea da eta "Lohia" edo "Begirada beltza" filmak zuzendu ditu.

"Goiatz" film laburra Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak hezteko eta sentsibilizatzeko material gisa erabiliko da edertasunaren estereotipo jakin bat lortzeko presio soziala eta gaztetasunaren eredu baten idealizazioa bezalako gai korapilatsu bat aztertzen denean. Film laburra helbide honetan dago ikusgai: http://www.youtube.com/watch?v=NiHHkDueIKA

Gai hori arratsalde honetan aztertuko da NUPeko Psikologia eta Pedagogia Sailak Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planarekin eta Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkartearekin lankidetzan antolatutako ekitaldi batean. Ekitaldia 18:00etan hasiko da Gradu Aretoan (Olibondoak eraikinean) "Gorputz irudia eta berarekin lotutako nahasteak" izeneko hitzaldiarekin. José Ignacio Baile Ayensa Madrilgo Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitateko (UDIMA) Psikologia irakasleak emango du hitzaldia. Gero, "Goiatz" film laburra emango da.