Nafarroako Unibertsitate Publikoak Unibertsitateko XI. Eztabaida Ligaren azken fasea egingo du arratsalde honetan. Sei talde parte-hartzaileetatik lau lehiatuko dira. Irabazten duen taldeak 700 euroko saria irabaziko du eta G9ko Unibertsitateen Unibertsitateko IV. Eztabaida-Ligan parte hartuko du Oviedoko Unibertsitatean otsailaren 29tik martxoaren 2ra. Bigarren sailkatzen den taldeak 500 euroko saria jasoko du, eta hirugarrenak 300 eurokoa. Gainera, Joaquín Pascal saria emango diote hizlari hoberenari.
NUPeko Eztabaida Ligako hamaikagarren edizioa atzo, asteazkena, otsailak 22, hasi zen sailkapen faseko lehiarekin. Edizio honetan hautatu den gaia hau da: "Elikagai transgenikoak dira gosearen aurkako panazea?" Eztabaidetan, talde parte-hartzaileek aurkako jarrerak defendatzen dituzte, eta eztabaida hasi baino minutu batzuk lehenago zozketa egiten da nork zer defendatuko duen erabakitzeko. Eztabaidak 34 minutuko iraupena du gehienez ere. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean) eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.
Puntuak ematerakoan, epaimahaiak hainbat alderdi hartzen ditu kontuan, esaterako, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, eztabaidaren galderari erantzuna ematea, ahotsa zein isiluneak menderatzea, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ikusizko kontaktua, hasiera liluragarriak, argudio zehaztuak, bukaera irmoak, hizkera askotarikoa eta egokia, besteei hitz egiteko aukera ematea, txandak egoki erabiltzea, erantzunen arintasuna eta taldearen jokaera.
Talde bakoitza lau edo bost kidek osatuko dute. Horietako bat kapitain gisa arituko da, bi hizlari gisa eta gainerakoak ikertzaile arituko dira. Gainera, aukeran, taldeek tutorea edukiko dute, gaien prestaketan laguntzeko eta zalantzak argitzeko. Tutore hori ez da ezinbestean unibertsitateko kidea izan behar, baina eztabaidak egiten ari direnean, ezin izango du taldearekin inolako harremanik izan.
Eztabaida Ligak Nafarroako Parlamentuaren laguntza du eta bere helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea , betiere, elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Gainera, torneo honetan parte hartzen duten ikasle guztiek hautaketa libreko kreditu bat edo 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek hautaketa libreko 2 kreditu edo ECTS kreditu bat jasoko dute.