"Genero ikuspegia garapenerako lankidetzan" izenburua duen ikastaroa egingo da hurrengo astean Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Mugarik Gabe GKEak antolatu du, eta bere helburua da emakumeak lankidetzaren esparruan duen zeregina ezagutzea adituek emandako hitzaldien eta lantegien bidez. Ikastaroa otsailaren 27tik martxoaren 8ra egingo da. Inskripzioak egiteko epea irekita dago ostiralera arte, eta Mugarik Gabe erakundearen egoitzan, (Zapatería, 31), 948 210822 telefono-zenbakira deituz edo mugarik@nodo50.org posta elektronikoko helbidera idatziz egin behar da.
Topaketa NUPen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egingo da, eta genero ikuspegia lankidetzaren arloan sartzeko ekarpen bat egin nahi du, emakumeei protagonismoa emateko proiektuen fase guztietan (identifikazioa, programazioa, jarraipena eta ebaluazioa). Ikastaroa hauei zuzentzen zaie: garapenerako lankidetzarekin lotutako teknikariak eta nazioarteko lankidetzan eta/edo genero ikuspegian esperientzia, prestakuntza eta interesa duten pertsonak. Azken helburua da genero eta lankidetza arloko gaietan prestakuntza zorrotz eta jarraitu bat bermatzea GKE eta Administrazio Publikoetako teknikariei eta beren lanean erabiliko dituzten tresnak ematea.
Guztira, bederatzi saio programatu dira, eta horien artean dago ikastaroan aztertuko den gai baterako sarrera edo garapenerako lankidetzako genero ikuspegiaren tresnei buruzko lantegi bat. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko bi irakaslek hitzaldi bana emango dute. Lehenengo hitzaldiaren izenburua "Iparra eta Hegoa, emakumeen aurkako indarkeria" da, eta Rut Iturbidek emango du. Bigarren hitzaldian "Genero ikuspegia diagnostiko sozialetan" izango du aztergai Blanca Fernándezek.
Halaber, Guatemalako emakume indigenen esperientzia baten berri emango da. CEDEPEM Guatemalako mendebaldeko goi ordokiko landa familien bizi kalitatea hobetzeko lanean ari den gobernuz kanpoko erakundeak garatu du. Programa helbide honetan dago kontsultagai: http://www.nodo50.org/mugarik/files/TRIPcolor.pdf