Daniel Poza Sotés NUPeko Informatika Ingeniaritzako 5. mailako ikaslea da, “El ABC que salva vidas” webgunea kudeatzen duen aplikazioaren egilea. Osasun arloko hainbat profesionalek sustatu dute “El ABC que salva vidas” ekimena eta oraintsu sortu da. Webguneak erabiltzaileei informazioa emateaz gain, elkarteari aukera ematen dio hainbat prozesu automatizatuak izateko; esaterako, galdetegien eta mezuen harrera eta banaketa, datu baseen kudeaketa, agenda, ikastaroetarako eskaerak, e.a.
Daniel Pozaren lanaren tutorea Automatika eta Konputazio Saileko Edurne Barrenechea irakaslea izan zen, eta berak azaltzen du nola sortu zen proiektua: "Ikerketa talde gisa, hainbatetan jardun dugu lankidetzan Nafarroako Ospitaleko larrialdietako zerbitzuko eta beste osasun zentro batzuetako medikuekin hainbat proiektu garatzen. Oraingo honetan, guregana zuzendu ziren “El ABC que salva vidas” elkartea sortzeko asmoa zutelako, eta jakin nahi zutelako ea lagundu ahalko genuen webgunearen diseinua egiten eta hura garatzen.
Daniel Poza gaur egun industria laserrak egiten dituen Rofin-Baasel enpresan informatikari lanean dabil, eta bere Karrera Amaierako Proiektua hartara dedikatzea erabaki zuen: "Gustuko dut web-orrialdeak diseinatu eta sortzea, eta jada esperientzia bat edo beste banuen eremu horretan —dio—. Proiektu hau proposatu zigutenetik amaitu nuen arte, bederatzi hilabete igaro ziren, eta horietan webgunea garatuz joan nintzen, prozesuak eta kudeatzeko bidea ematen duten osagai guztiak inplementatuz".
www.elabcquesalvavidas.org webgunea elkartea aurkezteko gunea izateaz gain, barne garapena duten edukiak kudeatzeko gunea ere bada, eta hor sartzen dira programazio lengoaia, flash, php eta erakunde honek garatzen duen jarduera bera kudeatzeko aukera ematen duten osagai guztiak. "Garrantzitsuena da —azaltzen du Daniel Pozak— webgunea haien beharretara egokiturik egin dela, eta abian jarri ondoren, elkarteko kideek kudea dezaketela gunearen eguneratzea eta edukiak jartzea".
Osasun arloko hainbat profesionalek irabazi asmorik gabe sortu den elkarte honen helburua da haiek "Bihotzari dagokionez komunitate seguruak" deitzen dutena sortzea. Xedea da jendartean zabaltzea bihotz-birikak suspertzeko moduen ezagutza orokorra, jatorri kardiakoa duen bat-bateko heriotza baten biktimari eman beharreko arreta, modu zuzenean eta ahalik eta azkarren egin ahal izateko.