Joan eduki nagusira

zoom Mintegiko parte-hartzaileen irudi bat.

Mintegiko parte-hartzaileen irudi bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, atzotik, otsailaren 6tik, Hezkuntza Berrikuntzari buruzko I Mintegia egiten ari dira. Topaketa ikasleei eta gure unibertsitateko tituludunei zuzenduta dago, eta hainbat profesional eta adituk ezagutzera emango dituzte Nafarroako hainbat ikastegitan ezartzen ari diren hezkuntza berrikuntzako proiektuak. Psikologia eta Pedagogia Sailak antolatutako mintegi honen xedea da ikasleei hezkuntza esperientzia zehatzak aurkeztea eta hezkuntza berrikuntzarako ereduak eskaintzea.

Topaketa asteazken honetan amaituko da, eta hitzaldiak, lantegiak eta mahai-inguruak programatuta dauzkan 12 lan saiotan banatua dago. Atzoko jarduna Reyes Berruezo eta Francisco Soto NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleen hitzaldi batekin hasi zen, eta hezkuntza berrikuntzaren arloko hainbat esperientzia aitzindariri buruz mintzatu ziren. Ondoren, sail bereko Luis María Iza irakasleak "Hezkuntza-berrikuntza Nafarroan 2007tik 2011ra" izenburuko hitzaldia eman zuen.

Jardunaren bigarren zatia proiektu zehatzei buruzkoa izan zen. Lehenbizikoa, David Ruizek aurkeztu zuen, Faltzeseko ikastegian egiten ari den Integratic proiektuaren koordinatzaile eta ikastegi horretako ikasketa buru ere badenak. Bestalde, José Ignacio Dufur eta Susana Diegok honako proiektu hau aurkeztu zuten: "Hezkuntza komunitateak, ikastegi baten antolamendurako hastapena: Mendigorriako eskola".

Arratsalde honetako saioa 16:00etan hasiko da Gurbitzak eraikineko batzar-gelan, eta hitzaldiaren gaia da irakurketa plana ikasleen irakurtzeko gaitasuna hobetzeko tresna gisa. Barañaingo Eulza ikastetxe publikoko arbel interaktibo digitalari buruzko hitzaldi bat eta kalignometriei buruzko lantegi praktikoa ere emango dira. Mintegiaren egitaraua asteazken honetan osatuko da, eta Sarrigurengo eta Uxueko ikastetxeetan abian jarritako esperientziak azalduko dira, eta honako mahai-inguru hau ere egingo da: "Hezkuntza berrikuntza Nafarroan gaur egun. Aukerak eta zailtasunak". Bertan parte hartuko dute Nafarroako Gobernuko arduradunak, ikastegietako irakasleak eta NUPeko irakasleak. Mintegiaren egitarau osoa kontsultatzeko dago honako helbide honetan: https://sites.google.com/site/seminariodeinnovacioneducativa/

Mintegia ikasleen prestakuntza osatzeko xedez sustatu da, eta aukera emango da esperientzia berritzaileak ezagutzeko beren protagonisten eskutik. Mintegian eskainitako leku guztiak bete dira; izan ere, azken ikasmailetako ikasleei eta azken bi promozioetan ateratako ikasleei zuzenduta dago. Guztira 35 lagun ari dira mintegi honetan parte hartzen, eta aurkeztu diren esperientzietakoren batean sakontzen duen amaierako lan bat aurkeztu beharko dute ziurtagiria eskuratzeko.