Adineko jendeak ezgaitasunari eta beste hainbat osasun arazo larriri egin behar izaten dio aurre, eta arazo hauek atzeratzeko, sendabiderik eraginkorrenak bi dira: osaera anitzeko ariketa fisikoaren programak eta, batez ere, muskuluen indarraren eta potentziaren entrenamendua. Mikel Izquierdo Redin katedradunak zuzentzen duen Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Mugimenduaren Biomekanika eta Fisiologia" ikerketa taldeak egin dituen ikerketek erakutsi dutenez, adinekoen muskuluen potentzia hobetzera zuzendutako hamabi asteko entrenamenduak berebiziko eraginkortasuna dauka pertsona hauen gaitasun funtzionala eta bizi kalitatea hobetzeko.
Ikerketa lan hauek Universidad Trás-os-Montes y Alto Duero (Portugal) eta Universidad Federal de Rio Grande del Sur (Brasil) unibertsitateekin batera egin dira, eta lanen emaitzak Experimental Gerontology aldizkariko bi artikulutan argitaratu dira. Artikuluon izenburuak honako hauek dira: "Muskulu-potentzia entrenatzeko programa baten eragina adineko emakumeen gaitasun funtzionalean eta errendimendu fisikoan" eta "Erresistentzia kardiobaskularra hobetzeko ariketak baino lehen egiten bada, muskulua indartzeko entrenamenduak adinekoen gaitasun funtzionalaren eta bizi-kalitatearen hobekuntza optimizatzen du".
Joan diren hamarkadetan, hainbat ikertzailek egin dituzte ikerketak indarra galtzea aurreikusteko edo arintzeko indarra entrenatzeak zeukan garrantziari buruz. Ikerketa honen emaitzek lehenagoko ikertzaile horiek planteatu zituzten hipotesiak berresten dituzte. Mikel Izquierdok azaltzen duenez, "60 eta 70 urte arteko pertsona batzuek muskuluen indarra eta masa garatzeko lau hilabeteko entrenamendu-programa batean parte hartu zuten. Pertsona hauek, hogei urte lehenagoko gaitasun funtzionala eta muskulu-potentzia berreskuratu zuten; hau da, entrenamendu programa bera 40 urte zituztenean hasi zuten pertsonak bezala zeuden".
Izquierdoren iritziz, bi arrazoi on daude 50 urte bete eta gero ariketa fisikoa, erregulartasunez, egitea gomendagarri egiten dutenak: "Lehena, oinarrizko zutabea delako eritasun kardiobaskular eta beste eritasun kroniko batzuen prebentzioan eta tratamenduan; eta bigarrena, paper garrantzizkoa daukalako gaitasun funtzionalaren galeraren prebentzioan eta tratamenduan, adin horretan oso modu nabarmenean agertzen hasten dena". Alderdi horretatik, ikertzaileak uste du ariketa fisikoa neurri aproposa dela bai adinekoen gaitasun funtzionala hobetzeko, baita osasun-gastua murrizteko ere.
Azken hamarkadetan zahartzeari buruzko interesa izugarri handitu da, eta zahartzearen alderdi batzuk, ezgaitasuna eta hauskortasuna kasu, oinarrizko ikerketaren, ikerketa klinikoaren eta populazio ikerketaren erdigune bihurtu dira. Espainian, joan den mendean, populazioa bikoiztu zen; 65 urte baino gehiago dutenen populazioa zazpi aldiz handiago bihurtu zen, eta laurogei urte edo gehiago daukatenena, hamahiru aldiz handiagoa.
Muskulu masaren eta kualitateen galera zahartzean, zuzenki lotuta dago mugikortasuna eta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak edo jarduera instrumentalak egiteko gaitasuna murriztearekin. "Muskulu masaren eta kualitateen galera hau (muskulu disfuntzio periferikoa) eritasun kardiobaskularretan eta arnas eritasunetan agertzen da, aipatu eritasunen prozesu faktoreaniztunaren barruan, eta eriak mugatzen ditu eguneroko bizitzako eginbeharrak egiteko, eta hilkortasun arriskua ere handiagotzen du".
Honi dagokionez, ezgaitasuna eta zahartzearekin batera gertatzen diren beste egoera batzuk atzeratzeko eraginkortasunik handiena erakutsi duten jarduerak osaera anitzeko ariketa fisikoaren programak eta, batez ere, indarraren entrenamendua izan dira. Jarduera hauek baliagarriak dira, baita ere, zahartzearekin loturiko beste hainbat gertakizunetan, esaterako erorikoetan, hondamen kognitiboan eta depresioan.
Entrenamendu espezifikoak
Entrenamendu fisikoa, erlatiboki bizia, pazientearen gaitasun funtzionalari egokitua izan behar da. Entrenamenduarekin batera muskuluen indarra, kondizio fisiko aerobikoa, artikulazioen mugikortasuna, trebetasun motorra, autoestimua eta bizitza-luzera nabarmen handiagotzen dira, sexuaz eta adinaz aparte, baldin eta entrenamendu aldiaren intentsitatea eta iraupena aski badira.
Hasierako indar-irabaziak, entrenamenduaren lehen asteetan edo lehen bi hilabeteetan, % 10-30erainokoak izan daitezke, bai adin ertaineko pertsonentzat, baita adinez aurrera joandako pertsonentzat ere.
Orain Experimental Gerontology aldizkarian argitaratu diren ikerketek erakutsi dute muskulu potentzia handiagotzera bideratutako hamabi asteko entrenamendua, adinekoentzat, eraginkortsuan handia daukala pertsona horien gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea hobetzeko. Bigarren ikerketa batean, ikusi ahal izan da, adineko pertsonentzat, muskuluen indarra lantzeko ariketak eta erresistentzia lantzeko ariketak nahasten dituen entrenamendu programa bat funtzio neuromuskularra eta kardiobaskularrak hobetzeko estrategiarik onenetakoa dela, baita gaitasun funtzionala hobetzeko eta osasuna eta bizitza-kalitatea sustatzeko ere.
Era berean, ikusi da muskulua indartzeko ariketak erresistentzia lantzekoak baino lehen egitea hurrenkera onena dela, ariketa fisikoa lantzeko programa batetik probetxurik handiena ateratzeko.
"Emaitza hauek –bukatu du Izquierdo irakasleak–, interes praktiko handia daukate, adineko pertsonen osasuna eta bizitza kalitatea hobetzeko, ariketa fisikoko programetan parte hartzearen bidez."