Eduardo Arroyo artista eta eskultore madrildarrak bere sorme-esperientziari buruz hitz egingo du Nafarroako Museoan, urtarrilaren 24 eta 25ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge Oteiza katedrak antolatutako ziklo batean. “Zeharkako ikuspegiak” zikloan sartzen dira saioak, eta xedea da, hainbat autore garaikideren bidez, aztertzea zergatik nortasun sortzaile bera aritzen den hainbat praktika edo generotan barna.
Zikloaren izena "Eskuz esku" da, eta bi saiotan garatuko da. Biak Nafarroako Museoko Ekitaldi Aretoan izango dira, 19:00etan. Lehen saioa urtarrilaren 24an, asteartean, egingo da, "Arteak" izenburuarekin. Bigarrena hurrengo egunean izango da, 19:00etan, baita ere, eta izenburua "Letrak" izango da. Sarrera doan da, aretoa bete arte.
Idazle izateko 1958an Parisera joan zen kazetaria da Eduardo Arroyo (Madril, 1937), eta bere lehen bokazio hori bete du. Izan ere, hamar bat liburu argitaratu baititu gai askori buruz, makina bat artikulu, manifestu batzuk eta antzezlan bat, "Bantam", zeina Múnicheko Residenztheater-en jokatu baitzen lehen aldiz Klaus Michael Grüberren zuzendaritzapean.
Literatura-ekoizpen handi honek balio erantsi bat izan zuen, gainera, egileak bere bokazio nagusian, artista plastikoarenean, ari zen bitartean egin baitzuen. Halaber, bere bokazio nagusian nazioarteko karrera egin zuen, eta ez zen pintore izan bakarrik, marrazkilari, grabatzaile, eskultore eta eszenografo ere bai. Nouvelle Figuration delakoaren kide aipagarrienetako bat 1964tik, bere lanaren erakusketak egin ditu Paris, Milan, Erroma, Venezia, Madril, New York, Berlin, Munich eta mundu osoko beste hiri handi askotan.
Frankismoko erbesteratu politikoa, Arroyo ezin izan zen Espainiara itzuli trantsizioa hasi eta handik puska batera arte. Ondorioz, 1980tik aurrera ikusi ahal izan zen bere lana normaltasunez Espainian. Bere ibilbide luzean zehar, aipamen eta sari asko jaso du, horien artean honako hauek, esaterako: Kultura Ministerioaren Arte Plastikoen Sari Nazionala, 1982an, eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, 2000. urtean. Frantziako Gobernuak Arteen eta Letren Zaldun izendatu zuen 1983an.