Joan eduki nagusira

zoom Liburuaren azala

Liburuaren azala

Jesús Hernández Aristu Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea "elkarrizketaren etika" baten alde dago eskubide sozialak bermatzeko Ongizate Estatuaren krisi-une hauetan, eta haren analisiari buruz dihardu "Gizarte Lana Europako eremuan: teoria eta praktika" izenburua duen eta argitaratu berri duen liburuaren parte batek. Lana Gizarte Laneko eta Gizarte Hezkuntzako gradu berrietako ikasleei eta arlo horretan diharduten profesionalei zuzentzen zaie, eta gizarte premia berrien funtsezko alderdiak eta gizarte esku-hartzea orori aplikagarri zaion metodologia aztertzen du halaber.

Hernández Aristuk bere lanean (Madrilgo Grupo 5 argitaletxeak argitaratua) aztertzen du gizarte lanari eta zerbitzuei lotutako elementuetako bat, alegia, Ongizate Estatua, zeina, alde batetik, "burutu gabe" baitago, eta, bestetik, "mehatxatua". Gizarte Laneko Saileko irakasle honen iritzian, "krisian nahastutako indarrek elkarrizketaren etika bat arautu beharko dute Estatu demokratikoen konstituzioetan ezagututako eskubide sozialak bermatu eta populazioaren multzo gero eta handiagoak babesik gabe uzteko egungo joera baztertu".

Jesús Hernández Aristuren arabera, egoera soziala okerrarazi duten prozesuek "kutsatu, kaltetu eta okertu egingo dituzte prozesu horiek abian jarri zituzten haiek", nahiz eta, bien bitartean, "denbora bat igaro beharko den zeinean zerbitzu sozialak ez baitira oso erakargarriak izango" maila ertaineko boto-emaileentzat", hauek nahiago baitute zergak jaistea aipatu zerbitzuen erabiltzaile diren "txiro"ekiko elkartasuna agertzea baino, eta konfiantza handiagoa dute beren aurrezkietan eta eurek beren kabuz kontrolatutako segurtasunetan (konfiantza handiagoa dute arlo pribatuan publikoan baino) Estatuak egiten duen banaketan baino".

Populazio txirotu baten arriskua

Jesús Hernández Aristu Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da, Gazteak eta Nagusiak espezialitatean Akisgrango Unibertsitatean (Alemania), eta arlo horretan doktorea Deustuko Unibertsitatean, eta berak dioenez, "Ongizate Estatuaren onurak denontzat dira". Ildo honetan, gerta daiteke "populazio txirotu batek egonezina sortzea eta botereari eta Estatuari legitimitatea kentzea, eta horrek ondorioak izango lituzke denontzat, baita aberatsentzat ere, hauek ere nonbait bizi beharko baitute, eta ez gaztelu ikusezinetan bakarrik".

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak esandakoaren arabera, "egungo krisi egoeraren aurrean nagusi den itxaropenik ezak eta dena erlatibizatzen duen zinismoaren aurrean", badira beste arrazoi batzuk gizartea mugiarazteko, eta, zehatzago, "elkarrizketaren etika", gizakiaren bereizgarri honetan oinarritzen dena: elkarrizketarako gaitasuna. Gaitasun hori beste arau eta balio batzuen atzean dago, hala nola "elkartasun behartua, karitatea edo interesen arteko adostasuna".

Ikasle eta profesionalei zuzendua

"Gizarte Lana Europako eremuan: teoria eta praktika" liburua interesgarria da Europako Unibertsitate Eremura egokitutako gradu berrietako ikasleentzat eta laguntza ematen duten profesionalentzat oro har (gizarte langileak, gizarte hezitzaileak, teknikariak, administrariak, kudeaketariak, programatzaileak, gizarte sustatzaileak). Hernández Aristuk liburuan aztertzen du, baita ere, mendebaldeko pentsamoldearen historiaren eta pentsamolde horrek gizarte lanean duen eraginaren arteko harremana eta gogoeta egiten du gizarte lanaren xede materialari eta formalari buruz, eta xede horiek zientzia aplikatuaren esparruan kokatzen dute ("ekintzaren zientzia bat" definizioa ematen dio liburuak) giza eta gizarte zientzien katalogo burutu gabearen barnean.

Jesús Hernández Aristu ikuskaritzan, orientazioan, "coaching" delakoan eta gizarte aholkularitzako beste modu batzuetan aditua da, eta bere 500 orrialdeetan funtsezko gaiak aurkezten ditu, hala nola laguntza-boterea harreman dialektikoa, Ongizate Estatuari buruz aipatutakoaz gainera, eta egungo gizarteko talde eta fenomeno hauek ere aztertzen ditu: familia, emakumea, migrazioak, gazteen eta nagusien eskaerak, txirotasuna eta gizarte bazterketa.

Liburuaren bukaera aldera, gizarte laneko praktika profesionala du mintzagai, eta, beste adibide batzuen artean, Iruñeko Udalak Urban Proiekturako 2001etik 2006ra arte egin zuen komunikazioaren bitartekaritza eta kudeaketa esperientzia azaltzen ditu. Aipatu proiektuaren helburua zen Nafarroako hiriburuko hirigune historikoa etga Errotxapeako auzoa biziberritzea.

Liburu amaierako epilogoan, unibertsitateko ikasleen praktiken ikuskaritza eta tutoretza aztertzen du Hernández Aristuk.