

Kanadaren enbaxadako kultura eta hezkuntza agregatua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Casalí errektoreordea
Azken sei urteetan, hogeita hamar ikaslek parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak Kanadako bi unibertsitaterekin daukan aldebiko truke-programetan. Kanadako bi unibertsitate hauek Carleton eta Windsor dira. Harreman hauen ondorioz, Kanadaren Madrilgo enbaxadako kultura eta hezkuntza agregatuak, Ana Berbés Blázquezek, berriki bisitatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusa. Bisita honetan zehar, Javier Casalí Sarasibar Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordearekin egin zuen bilera, eta "Kanada nazioarteko esperientzia" izeneko gazteentzako mugikortasun programa aurkeztu zion.
Kanadako Gobernuaren programa hau 18 eta 35 urte arteko Espainiako gazteentzat da. Programa honen bidez, baimena lor daiteke, urtebeteko gehieneko epean, herrialde hartan esperientzia profesional bat edukitzeko, praktikak egiteko, hizkuntza-prestakuntza izateko edo kultura murgilketako esperientzia bat bizitzeko. Lau atal daude: lehena, profesional gazteentzat, hau da, gehienez 12 hilabete iraungo duen lan-kontratu baten bidez prestakuntza osagarria lortu nahi dutenentzat; bigarrena, ak, beren ikasketen barruan, gehienez 12 hilabete iraungo duen praktika aldia egin nahi dutenentzat; hirugarrena, udako lana ikasleentzat, beren oporraldian lan ordaindu bat egin nahi dutenentzat pentsatua, gehienez ere hiru hilabetez; eta laugarrena, oporrak-lana izeneko aukera, gehienez ere 12 hilabetez egon nahi duenarentzat, lan egiteko baimenarekin, baina egonaldia ordaintzeko edo boluntariotza-lanak egiteko adina diru-sarrera maila duenarentzat.
Kanadako Gobernuak bultzatu du programa hau, Madrilgo enbaxadaren bidez. Programa 2010ean jarri zen martxan, 450 posturekin, eta joan den urtean ere 450 postu eduki zituen. Aurten, 2012an, 1000 posturaino zabaldu nahi da programa.
Trukeak Kanadarekin
Nafarroako Unibertsitate Publikoak harremanak ditu Kanadarekin, eta harreman horren ondorioa da kultura eta hezkuntza agregatua bertara etortzea. NUPek aldebiko bi hitzarmen izenpetu ditu Ipar Ameriketako herrialdeko beste hainbeste unibertsitaterekin: Otawako, herrialdeko hiriburuko Carletongo Unibertsitatearekin, eta Windsorreko Unibertsitatearekin, izen bereko hirikoa. Biak Ontarioko probintzian daude. Ontario ekialdean dago eta Estatu Batuekin dauka muga. Biztanlerik gehien daukan probintzia da, Toronto bezalako hiriak han baitaude.
Azken sei urteetan, 2006-2007 ikasturtetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bederatzi ikaslek Carletongo unibertsitatean egin dute beren ikasketen parte bat. Carletongo Unibertsitateak 23.000 ikasle dauzka eta herrialde hartako hamar onenen artean dago. Beste alde batetik, Kanadako zortzi ikasle Iruñera etorri dira.
Windsorreko Unibertsitateak 16.000 ikasle ditu. Hamar ikasle nafar joan dira hara, eta hiru ikasle etorri dira Kanadatik hona.