G-9 unibertsitateen Ikerketarako errektoreordeak bildu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Ikerketa Arloko Batzordean, eta I+G +b-rekin, jakintza eta emaitzak gizarteari bestetaratzearekin, eta ikerketaren kudeaketarekin lotutako hainbat gai interesgarri aztertu dituzte. Testuinguru honetan, errektoreordeek erabaki dute gaian eskumena duen Ministerioari idazki bat igortzea, unibertsitateen ikerketa zientifiko teknikoari eragiten dieten ekonomia murrizketengatik duten kezka adierazteko.
NUPen urtarrilaren 10 eta 11n egin zen bilera ongietorri hitzekin hasi zen: Julio Lafuente López errektoreak hitz egin zuen; Vicente Gotor Santamaría G-9ko Ikerketa Arloko lehendakari eta Oviedoko Unibertsitateko errektoreak; eta Alfonso Carlosena García NUPeko Ikerketako errektoreordeak.
Topaketan G-9 taldea osatzen duten unibertsitateetako 28 lagun bildu ziren. G9 Taldea diru-irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bere kideak unibertsitate publiko bakarrak dira dagozkien autonomia erkidegoetan. Hauek dira: Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Errioxa, Oviedo, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza. Taldea sortzearen xedea zen osatzen duten irakaskuntza erakundeen arteko lankidetza sustatzea, hala irakaskuntzan eta ikerketan nola kudeaketan eta zerbitzuetan.
Ikerketa Arloko Batzordeak guztien arteko saioetan eta saio paraleloetan jardun du, hiru talde handitan banaturik: Ikerketako Errektoreordetzak, Ikerketa Kudeatzeko Unitateak, eta Ikerketaren Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoak. Azken saioa osoko bilkura izan zen, eta bertan, topaketaren bi saioetan zehar ateratako ondorioak eta hartutako erabakiak azaldu ziren.
Ikerketa, aurrerapenaren motorra
Ikerketa Arloko Batzordeko kideek nabarmendu zuten unibertsitateek garatzen duten ikerketa zientifikoa, inolako zalantzarik gabe, aurrerapen ekonomiko eta sozialaren motorretako bat dela gure herrialdean, eta era berean, hori frogagarria dela Espainiatik kanpo ere. Hartara, gaian eskumena duen Ministerioari idazki bat igorriko diote, unibertsitate eremuan ezartzen ari diren ekonomia murrizketengatik duten kezka adierazteko, nolabait unibertsitateetan ikerketa zientifiko teknikoari buruzko programetan eragina izan baitezakete.
Bestalde, aldeko balioespena egin zen Genueve Ediciones G-9 taldearen argitalpen-zigiluaren arduradunek egindako lanari dagokionez. Proiektu aitzindari honek unibertsitateen ikusgarritasuna eta ekoizpen zientifikoa ziurtatzen du, kalitate filtro zorrotzei esker. Genueve Ediciones 2011. urtean sortu zen, dagoeneko argitaratu ditu hiru liburu eta beste lau produkzio prozesuan daude.
Aztertu zen azken puntua Univalue izan zen; izan ere, G-9ren baitan sortu zen enpresa, unibertsitate hauetan sortutako jakintza zientifikoa enpresen eta elkarteen mundura igortzeko xedez. Espainiako mundu akademikoan aurrekaririk ez duen Unibertsitatearteko ekimena da, eta bide arin eta zuzena eskaintzen duena jakintza bestetaratzeko produkzio prozesuetara.