Joan eduki nagusira

zoom BMOI proiektuaren bileran egon direnen talde-irudia

BMOI proiektuaren bileran egon direnen talde-irudia

BMOI (Business Model for Open Innovation) proiektuaren helburua da enpresei eta ETEei (enpresa txiki eta ertainei) ezagutza praktikoa eskaintzea berrikuntza irekiaz onura atera dezaketen negozio-ereduei buruz, praktika onen bidez, prestakuntza edukien bidez, eredu praktikoen bidez eta/edo gomendio politikoen bidez. Eindhovengo Unibertsitate Teknologikoko (Herbehereak), Sttutgarteko Unibertsitateko (Alemania) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak Iruñean elkartu dira, proiektuaren jarraipena egiteko. Proiektua EURIS programaren barruan dago, eta Europar Batasunak eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen du.

Berrikuntza irekia berrikuntza-estrategia berri bat da. Enpresak edo erakundeak beren antolamenduaren barneko mugetatik harago doaz eta I+G+b-ko proiektuak elkarlanean garatzen dituzte kanpoko profesionalekin. Azterketari esker eskualdeen berrikuntza sistemen irekitze maila alderatuko da, berrikuntza irekiari dagokionez egiten dituzten praktikak neurtuz, bai eta ereduak proposatu ere berrikuntza irekiari onura atera nahi dioten enpresentzat. Proiektua amaitzeko epea 2012ko azaroa da.

Urtarrilaren 10 eta 11n izan den topaketan, proiektuaren gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin da, eta hainbat gorabehera aztertu da, esaterako hurrengo urratsak zeintzuk izango diren, kasuen alderaketa, ikerketaren metodologiari buruzko eztabaida, aurrekontuaren ebaluazioa eta inplementazioa. Honako hauek izan dira topaketako parte-hartzaileak: Eindhovengo Unibertsitateko Hans Berends, Isabelle Reymen eta Armand Smits, Sttutgarteko Unibertsitateko Michael Schubert eta Flavius Sturm, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Cristina Bayona, Teresa García eta Paula Anzola. Horietaz gainera, Bartzelonako Unibertsitateko Claudio Cruz proiektu-laguntzaileak, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza Departamentuko Rafael Muguerzak eta Nafarroan EURIS proiektuak koordinatzen dituen eta ekimen berritzaileez arduratzen den Ion Gorritik hartu dute parte, baita ere.

Zehazki, NUPeko Enpresen Kudeaketa Sailak aztertu ditu beren negozio-eredua aldatu eta berrikuntza irekiari esker eskaintzen duten produktuaren balioa gehitu duten nekazaritzako elikagaien arloko, mekanika/autogintzako eta energia berriztagarrien arloko enpresa nafarrak. Bukaerako txostenaz gainera –arrakasta izan duten 10 negozio-eredu jasoko ditu–, lantegi bat egingo da proiektu honen baitan eskualde parte-hartzaile bakoitzeko enpresa eta eragileekin.

BMOIren aurrekontua 429.038 eurokoa da, eta horietatik 107.000 euro NUPek egingo duen lanari dagozkio. EURIS programako proiektuak "Interreg IV C" nazioaz gaindiko lankidetzarako programa europarraren barrukoak dira. Laguntzen % 75 Europako funtsetatik datoz, eta gainerako % 25a Nafarroako Gobernutik, Berrikuntza Departamentuaren bidez. Gaur egun, Foru Erkidegoak sei EURIS proiektutan parte hartzen du, NUP, ANAIN, CEIN erakundeekin, eta Alemania, Herbehereak, Hungaria eta Poloniako hainbat eskualdetako beste erakunde batzuekin batera.