

Ezkerretik eskuinera, Eduardo Magaña, Héctor Napal, Mael Taleb eta Alberto Cuesta web atariaren aurkezpenean
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Ingeniaritzako azken ikasmailako hiru ikaslek www.alrededordemi.com web ataria sortu dute. Horren bidez, Iruñerriari buruzko informazio geokokatua partekatu eta gehitzeko aukera dago. Proiektu hau gizarte-komunitate bihurtzeko asmoz sortu da, eta erabiltzaileek aukera izango dute doan partekatzeko hainbat interes puntu, webgunearen edo smartphoneetarako (telefono adimendunak) plataforma anitzeko errealitate handiagotuko aplikazio baten bidez.
Lana Ordenagailu Sareen gaineko Aplikazioak irakasgaiaren barnean egin da. NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko Eduardo Magaña Lizarrondo irakasleak ematen du. Egileek, Héctor Napal Basterrica, Alberto Cuesta Remón eta Mael Taleb Informatika Ingeniaritzako 5. ikasmailako ikasleak, Eduardo Magaña irakaslearekin batera aurkeztu dute proiektua asteazken honetan, urtarrilak 11, prentsaurrean.
www.alrededordemi.com webguneak egun Iruñerriari buruzko ia 200 elementuri buruzko informazio geokokatua eskaintzen du, turismoa, merkataritza, garraio publikoa, jatetxeak, aparkalekuak, wifi guneak, ikastetxeak, kutxazain automatikoak, hotelak edo farmaziak bezalako gaiei buruz, besteak beste. Gainera, zerbitzu honetako edozein erabiltzailek aukera du atariaren hobekuntzan parte hartzeko, akatsa duten guneak adieraziz, eta dauden gai zehatzei buruz datu berriak emanez.
Gainera, erabiltzaileek aukera dute doan iristeko gune hauetara guztietara, telefono adimendun batekin Layar plataforma anitzeko errealitate handiagotuko aplikazio baten bidez. Aplikazio bera erabil daiteke Android edo Blackberry dispositibo mugikorretan. Aplikazio honek, lehenbizi, kontsulta egiten ari den mugikorra geokokatzen du, eta, esaterako, bi kilometroko inguruan dauden wifi guneei buruzko informazioa eskatzeko aukera ematen du. Aplikazioak mapa batean kokatzen ditu, haien arteko distantzia adierazten du, eta horietara iristeko jarraitu beharreko bidea azaltzen du, jarraitu beharreko norabidea azaltzen duen iparrorratz baten bidez.
Aplikazio hau Drupal, Google Maps eta Layar tresnak erabiliz garatu da; izan ere, ospe handikoak eta doakoak guztiak. Proiektuaren egileek kontu berezia jarri dute baita erabiltzeko eta iristeko erraztasunean eta edukien aurkezpenean.
Hasiera batean, produktua Iruñera begira atera da, baina ez da baztertzen beste hiri batzuetara hedatzea, erabiltzaileen eskaeraren eta parte-hartzearen arabera. Eskaini nahi diren zerbitzuen artean dago denbora errealean, mugikorraren bidez, Iruñeko lurrazpiko aparkalekuen bete gabeko lekuak kontsultatzeko aukera.