Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Jaione Etxeberria, Lola Ugarte eta Tomás Goicoa

Ezkerretik eskuinera, Jaione Etxeberria, Lola Ugarte eta Tomás Goicoa

Nafarroan ikusi da kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentzia handiagotu dela, eremu geografiko gehienetan eta bi generoetan, nahiz eta emakumezkoetan pixka bat txikiagoa izan gizonezkoetan baino. Hauek dira "Gender-specific spatio temporal patterns of colorectal cancer incidence in Navarre, Spain (1990-2005)“ (Kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentziaren espazio eta denbora-ereduak, Nafarroan, generoaren arabera) ikerketaren ondorioetako batzuk. Cancer Epidemiology aldizkariak argitaratu du ikerketa, online. NUPeko eta Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko ikertzaileek prestatu dute.

Honako hauek izan dira ikertzaileak: Lola Ugarte, Jaione Etxeberria eta Tomás Goicoa, NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko ikertzaileak, eta Eva Ardanaz, Nafarroako Osasun Publikoko Institutukoa. Eremu txikien arabera zehaztutako minbiziaren intzidentziari buruzko ikerketa hauek edukitzea oso garrantzizkoa da, bai ikertzaileentzat, baita tokian tokiko politiken arduradunentzat ere. Izan ere, horrelako ikerketei esker errazagoa da ebaluazioak egitea eta prebentzio-programak eta estrategia zehatzagoak aplikatzea.

Ikerketa honek minbiziaren intzidentzia aztertzen du, ez hilkortasuna; kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentziaren espazio eta denbora-ereduak ebaluatu ditu, Nafarroako hainbat eskualdetan, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Nafarroako minbiziaren erregistroaren 1990 eta 2005. urteen arteko datuak erabili dira, eta hamahiru osasun-eremu edo alde bereizi dira: Iruñetik kanpoko 4 eremu handi (Iparra-Pirinio aldea, Hegoa-Erribera aldea, Ekialdea eta Mendebaldea), eta 9 eremu Iruñean (Sanduzelai, Errotxapea/Antsoain, Txantrea, Aldezaharra/I. Zabalgunea, II. Zabalgunea, Arrosadia/Azpilagaina/Mendillorri, Iturrama, Donibane eta Ermitagaina).

Ikerketaren arabera, Nafarroan kolon eta ondesteko minbiziak eduki duen intzidentziak "goranzko joera eduki du, bi generoetan, azken bi hamarkadetan, nahiz eta hilkortasun-tasak egonkor mantendu diren". Kolon eta ondesteko minbiziari dagokionez, generoaren arabera, gizonezkoen % 57,6k eta emakumezkoen % 65,4k koloneko minbizia daukate. Gizonezkoetan, diagnostikoa egin zeneko batez besteko adina 70,8 urte izan zen (kolonekoa), eta 69,8 urte (ondestekoa). Emakumezkoetan, 72,9 urte eta 71,4 urte, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Nafarroako intzidentzia-tasak txikiagoak dira Europako eta Ipar Ameriketako beste zenbait herrialde industrializatutakoak baino.

zoom Ikerketarako aintzat hartu diren 13 eremuak erakusten dituen grafikoa, Iruñea osatzen duten 9ak handiago ikusten direla. Zuria biztanlerik gabeko aldeei dagokie

Ikerketarako aintzat hartu diren 13 eremuak erakusten dituen grafikoa, Iruñea osatzen duten 9ak handiago ikusten direla. Zuria biztanlerik gabeko aldeei dagokie

Foru Erkidegoan kolon eta ondesteko minbiziaren kasuak 5.912 izan ziren, denetara. Horietatik, % 58,8 gizonezkoetan gertatu ziren (3.053). Gizonezkoetan, kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentziaren arriskua gora doa eremu guztietan, eta Nafarroa guztiko datuak alderaturik, arriskua nabarmen handiagoa da eremu hauetan: II. Zabalgunea, Arrosadia/Azpilagaina/Mendillorri et Donibane. Emakumezkoetan, aztertu den aldian, arriskuak gehitze arin bat eduki du eremu guztietan. Intzidentzia-arriskua nabarmenki txikiagoa da Nafarroako hegoaldean beste eremuetan baino.

Adin-taldeen arabera, gizonezkoetan minbizia gehitzen doa 35-39 urteko adin-tartetik 80-84 urteko adin-tartera. Azken tarte honetan intzidentzia hasten da txikiagotzen. Emakumezkoetan, intzidentzia hasten den adin-tartea 35-39 urteen artekoa da.

Atzemateko programak ezartzea

Espainiak, bizirik irauteko indizeak pixka bat handiagoak dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino (% 54,4 eta % 53,4). Hobekuntza gertatu da, gainera, eri gazteenen artean batez ere, "seguru asko kolon eta ondesteko minbiziaren tratamenduan aldaketa positiboak izan direlako". Nafarroak, Tarragonak eta Granadak parte hartzen dute kolon eta ondesteko minbiziaren bereizmen handiko ikerketetan, eta ikerketa horien hasierako emaitzek "erakusten dute badirela praktika kliniko onak kimioterapian eta erradioterapia laguntzailea ematean, eta Nafarroa da praktika hau maizenen egiten den probintzietako bat".

Hau honela, hauxe ere esaten da: "kolon eta ondeste minbiziek Espainian eta Nafarroan bereziki daukaten garrantzia ikusirik, prebentzio eta atzemate goiztiarraren programak ezartzeak intzidentziaren goranzko joerak aldatzen lagunduko luke". Kataluniak, Valentziak, Murtziak eta beste zenbait erkidegok, Europako Batasunaren eta osasun sistema nazionalaren aholkuei jarraikiz, horrelako programak martxan jarri dituzte, 50 eta 69 urteen artekoentzat.

Munduko zenbait herrialde garatutan kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentzia gutxiagotu den bitartean (Australia, Erresuma Batua, Frantzia, Kanada), beste zenbaitetan intzidentzia handiagotu da. Espainian, esaterako, 70. urteetako hamarkadaren erdia aldetik intzidentzia areagotu da, batez ere gizonezkoetan. "Generoen arteko desberdintasun honek –ikerketak dioenez– zerikusia edukiko luke faktore hauekin: zenbat alkohol edaten den, zenbat fruta eta barazki jaten den, ariketa fisikoa, obesitatea, tabakoaren kontsumoa eta familia bakoitzak kolon eta ondesteko minbiziari dagokionez daukan historia". Edonola ere, fruta eta barazkiak jatea zuzenki lotuta dago minbiziaren aurreko babesarekin "Beraz, beharrezkoa da bizimodu osasungarriak bultzatzen jarraitzea, adin guztietako gizonezko eta emakumezkoen lehen mailako prebentzioa sustatzeko", esaten denez.

Mundu osoan, kolon eta ondesteko minbizia laugarren ohikoena da gizonezkoetan, eta hirugarren emakumezkoetan. Espainian, bigarren ohikoena da emakumezkoetan, bularreko minbizia eta gero. Gizonezkoetan bigarren edo hirugarren ohikoena da, biriketakoa eta prostatakoa eta gero. Berrogeita hamar urteak igarota, adina arrisku-faktorea da, adin horretatik aurrera arriskua 1,5 edo 2 aldiz handiagoa delako hamar urteko epean.