Yannery Gómez Bonilla Biologian lizentziaduna da Costa Ricako Unibertsitatean, eta bere doktoretza tesian ikertu du granulobirusen aplikazioa patataren bi sits espezieen aurka. Espezie horiek izurri ugari sortzen dituzte bai landan eta bai biltegian ere. Bi kasuetan frogatu da erabilitako formulen eraginkortasuna biointsektizida gisa.
Biointsektizida bat prestakin bat da, eta birusaren infekzio partikulak ditu (inklusio-gorputz deitzen zaie). Larbek inklusio gorputz horiek irensten dituzte eta infektatu egiten dira. Birusa ugaldu egiten da orduan larba barruan. Irentsitako infekzio-partikulen kopurua handia bada, larba hil eta milioika inklusio gorputz askatzen ditu. Gorputz horiek larba berriak infektatuko dituzte.
Yannery Gómezek azaltzen duenez, bada granulobirus bat kontrol agente gisa ezaugarri oso onak dituena eta Phthorimaea operculella eta Tecia solanirova, “ espezieetako sitsen aurkako intsektizida kimikoen ordez erabili daitekeena. Birusa P. operculella larbetatik isolatu zen berez. Horregatik P. operculella (PhopGV) granulobirusa deitzen zaio, eta "T. solanivora infektatzeko gai da baita ere, kasu honetan biointsektizida gisa duen jarduera txikiagoa bada ere".
Delia Muñoz Labiano NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakasleak eta Miguel López-Ferber, Ecole des Mines d´Ales-eko irakasleak (Frantzia) zuzendu dute "Characterization of novel granulovirus strains from Costa Rica against Phthorimaea operculella and Tecia Solanivora” doktoretza tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.
Landako eta biltegiko emaitzak
Tesiaren lehen helburua izan zen Costa Ricako PhopGV granulobirusaren andui autoktonoak biltzea. Patataren bi sits espezie horiek dira landako eta biltegiko izurri nagusiak aipatu herrialdean. Gero, intsektizida gisa izan zezakeen eraginkortasuna balioetsi zen. Landan, birusak % 50etik % 80ra bitartean murriztu zuen kaltea, neguko eta udako saioetako tratamendurik gabeko laginekin alderatuz. "Gainera —azaldu zuen ikertzaileak—, murrizketa hau ez zen askoz ere handiagoa izan intsektizida kimiko batek edo birusak eta intsektizida kimiko batek batera eragindako murrizketa baino". Biltegian, birusak % 70 baino gehiago murriztu zuen kaltea tratamendurik gabeko laginarekin alderatuz aplikazioek pataten azala erabat estali zutenean.
Bestalde, lur azterketak egin eta gero, patata hazteko erabiltzen ez diren lurzoruetako hiru granulobirus andui berri lortu ziren, eta "horrek erakusten du sakabanatzeak eta iraunkortasunak duten garrantzia birus hauen transmisioan". Andui horietako batek bi sits espezieen aurkako patogeno-balio oso handiak zituen, eta biointsektizida gisa gaitasun handia zuen. "Gainera, bere lurzoru jatorria, iraunkortasuna eta ostalariari egokitzeko duen gaitasuna dela-eta, granulobirus hau etorkizun handiko aukera da landan kontrolatzeko".
Bere ondorioetan aipatzen du Costa Ricako andui guztiak oso onak zirela patataren bi sits espezieen aurka erabiltzeko. Anduien eraginkortasuna, bereziki haietako batena, landan eta biltegian frogatu da, eta beste andui batek biointsektizida gisa ezaugarri oso onak dituela frogatu da laborategiko saioetan.
Yannery Gómezek NUPen egin zuen Bioteknologiako doktoretza. Costa Ricako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Berrikuntza eta Transferentziako Institutu Nazionaleko ikerketa eta berrikuntza sailean lan egiten du, eta entomologiaren arloko nazio mailako koordinatzailea izan zen 1995etik 2005era. Unibertsitate Latinoko genetika irakaslea, ikertzaile gisa ere lan egin du nekazaritzarekin, entomologiarekin, akarologiarekin eta agroekologiarekin lotutako arloetan. Bost ikerketa proiektutan parte hartu du eta hogeita hamar bat artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifiko nazionaletan. Halaber, ikerketa lanak aurkeztu ditu nazioko eta nazioarteko 24 biltzarretan