Joan eduki nagusira

zoom Amaia Zulet González (erdian), sariarekin, entre Francisca López Granados, SEMh-eko lehendakariaren eta José Dorado Gómez SEMh-eko idazkariaren artean

Amaia Zulet González (erdian), sariarekin, entre Francisca López Granados, SEMh-eko lehendakariaren eta José Dorado Gómez SEMh-eko idazkariaren artean

Amaia Zulet González (Iruñea, 1985), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurumen Agrobiologiako Doktoretza programako ikasleari ikertzaile gazteentzako sari bat eman diote Espainiako Malherbologia Elkarteak (SEMh) eta “Phytoma” landare osasunari buruzko aldizkari profesionalak. Biologiaren ikerketan eta dibulgazioan eta belar txarren kontrolean espezializatutako zientzia-elkarteak eta aipatu aldizkariak aitortu dute ikertzaile honek egindako lana kinatoa, landarearen beraren metabolismoko konposatu natural bat, herbizida gisa erabiltzeari buruz.

Amaia Zuletek Nekazaritzako Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Karrera Amaierako Aparteko Saria lortu zuen eta Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitatearteko Masterra egin zuen (unibertsitate nafarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatua). Amaia Zuletek ikertzaile gazteek aurkeztutako komunikazio onenari emandako Phytoma saria jaso zuen Espainiako Malherbologia Elkarteak (SEMh) duela gutxi San Cristóbal de la Lagunan (Santa Cruz Tenerifekoan) egindako XIII. Biltzarrean.

Amaia Zulet, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Landareen Fisiologia eta Agrobiologiari buruzko ikerketa taldeko kidea da, eta herbiziden eragina aztertzen du, produktu fitosanitario horien aplikaziotik hasi eta nahi ez diren landareen deuseztatzeraino doan prozesu bat. Zehazki, landareen proteinen osagai batean (aminoazidoetan) eragiten duten herbizida mota batzuk aztertu zituen. Hala, aurkitu zuen herbizida horien bidez tratatutako landareek "kinato izeneko konposatu ezohiko bat sintetizatzen eta metatzen dutela orrietan" , esan du Zuletek, zeina Hezkuntza Ministerioko Unibertsitateko Ikertzaileak Prestatzeko (FPU) laguntzen programako doktoretza aurreko bekaduna baita.

Kinatoaren abantailak

"Kinatoa konposatu natural bat denez —azaldu du Zuletek—, ez da hain kaltegarria ingurumenarentzat, zoruan arin eta modu seguruan degradatzen baita". Horrela, Amaia Zuletek bere ikerketaren helburu gisa ezarri zuen ikertzea ea kinatoak herbizida natural baten modura joka zezakeen, eta horretarako eredu gisa erabili zuen landareek beste herbizida kimiko batzuei emandako erantzuna.

Horretarako, kinatoa erabili zuen landareei kanpoko aldetik eta orriei aplikatuz soluzio nutritibo baten bidez. Doktoregaia jabetu zen konposatu hori ehunean sartzen zela eta eragina zuela, baita ere, landarearen metabolismoan. Izan ere, kinatoaren bidez tratatutako landareen hazkundea gelditu zela ohartu zen, eta, areago, "Soluzio nutritiboaren bidezko tratamendua hilgarria izan zen". Emaitza horiek gorabehera, "oraindik eztabaidagai da kinatoaren garrantzia herbiziden eragiteko moduan", adierazi du Amaia Zuletek.