Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Javier Casalí Sarasíbar Nazioarteko Harremanetarako errektoreordearekin batera, NUPeko 206 ikaslerekin bildu da gaur, asteazkena, abenduak 28. Ikasle horiek, 119 emakume eta 87 gizon, ikasturte honetan parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 33 herrialdetan. Ikasle horietatik, 159 Erasmus programakoak dira eta 2 Erasmus Master programakoak; 16 Virrey Palafoxkoak; 6 ISEP nazioartekoak; 5 ISEP USAkoak, 16 aldebiko hitzarmenetakoak, eta 2 Martín de Radakoak.
Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan egin den ekitaldian, mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleek Unibertsitateekin trukea egiteko Rural Kutxako bekak jaso dituzte. José Luis Barriendo Antoñanzas Nafarroako Rural Kutxako buruak txekeak eman dizkie, atzerrian ikasturte osoa eman dutenei ala seihilekoa eman dutenei, zenbateko ezberdina baitute txeke horiek.
Ikasleak 33 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira, gehienak Europan. Honako hauek dira, hurrenez hurren, ikasle gehien jasotzen dituzten herrialdeak: Italia, Frantzia, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Portugal, Bretainia Handia, Austria eta Polonia. Eta hauek dira NUPeko ikasleak hartzen dituzten beste herrialde guztiak: Eslovenia, Belgika, Grezia, Txile, Brasil, Argentina, Norvegia, Finlandia, Irlanda, Suedia, Letonia, Kanada, Herbehereak, Bulgaria, Danimarka, Peru, Eslovenia, Australia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Suitza, Hego Korea, Lituania, Mexiko eta Japonia.
Erasmus, talderik handiena
Atzerrian ikasten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleetatik gehienak, 159 hain zuzen, Erasmus programan daude. Horretaz aparte, beste bi Erasmus Master programan daude. Unibertsitate arloan lankidetzan aritzeko Europar Batasunaren prestakuntza programa da Erasmus.
Garrantziari begira bigarren programa Virrey Palafox da, Latinoamerikako unibertsitateekin ikasle trukea egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ekimen berekia. Ikasturte honetan 16 ikasle parte hartzen ari diren programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, bermea izanik aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko dituztela itzulitakoan.
Bestalde, ISEP Internacional Programak ikasleen arteko trukea ahalbidetzen du 30 herrialde baino gehiagoren artean. Virrey Palafox programan gertatzen den bezala, ikasleek bermea dute aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko dituztela. Programa honetan izena emana duten ikasleak 6 dira eta ISEP USA programan 5 dira.
NUPeko nazioarteko mugikortasuneko beste programetako bat aldebiko hitzarmenak dira, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako hainbat unibertsitaterekin sinatutakoak, eta horietan 16 ikaslek parte hartzen dute. Azkena Martín de Rada programa da. Ikasturte honetan bi ikasle daude programa honetan, zeinean sartzen baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako hainbat unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak.