Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak, Bilbomática enpresarekin –zeina baita proiektuaren aitzindaria– eta Deustu Fundazioarekin, RailTRACE proiektuan lanean ari dira. Proiektuak salgaien trazabilitatea denbora errealean lantzen du, trenbidearen eremuan. Proiektu hau INNPACTO programaren barruan dago. Aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da eta burutzeko epea, hiru urtekoa zena, 2012an bukatuko da.
NUPen aldetik, hauek dira proiektu honetan lanean ari diren ikertzaileak: José Javier Astrain, Alberto Córdoba, Aritz Labat, Marcos Goyeneche, Francisco Falcone, Leire Azpilicueta, Mario Soroya eta Jesús Villadangos. Lanak helburu berritzailea dauka: banatuta dauden algoritmoen multzo bat garatzea, trenez garraiatzen diren salgaiei buruzko eta beren helmugari buruzko datuak biltzeko, bai trenean bertan, baita tren-azpiegituratik zehar ere.
Villadangos irakasleak azaltzen duenez, arazorik handienek zerikusia daukate osagarrien sarea oso aldakorra izatearekin, zamak, garraio bakoitzean, sareko elementuak izango direlako, eta algorimoak egokitu behar direlako egoera guztietara: hainbat elementu, bildu beharreko zenbait neurri, lan-modu ezberdinak sistema osoan, eta abar. "Gainera, komunikazio-sistema bat diseinatu behar da, informazioaren transmisioa errazteko, bagoi bakoitzean, bagoi batetik bestera eta tren-makinatik trenbide-sarera".
Proiektuaren barruan, baita ere, komunikazio sistemak lantzen ari dira, inguru eta lan-baldintza guztietan operatiboak izan daitezen: bidaiarien bagoian, zamaren bagoian, edukiontzian, eta abar. Gainera, sare auto-moldagarri bat diseinatzen ari da datuak komunikatzeko trenean bertan azpiegiturarik eduki beharrik gabe.
Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak egin du INNPACTO programarako deialdia. Helburu nagusia du proiektuak sortzea ikerketa erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren bidez, I+G+b proiektuak egiteko, jarduera berritzailea bultzatu, inbertsio pribatua mugiarazi, enplegua sortu eta herriaren balantza teknologikoa hobetzeko.