Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaile saridunen taldeko irudia, Julio Lafuente errektorearekin eta Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordearekin

Ikertzaile saridunen taldeko irudia, Julio Lafuente errektorearekin eta Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordearekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur eman ditu 2011ko Ikerketa Sariak. Sari horiekin aitortu ditu bai Antonio Gil Bravo eta Francisco Javier Faulín Fajardo ikertzaileen ikerketa-ibilbide osoa, bai 2009. eta 2010. urteetako ekarpen zientifiko hoberenak ere, Ana Zabalza Aznárez eta Martín Larraza Quintana irakasleenak. Ekitaldi berean eman zaio teknologia eta ezagutza bestetaratzeko emaitzarik hoberenaren saria Miguel Arana Burguiri eta bere lan taldeari Elaboración de los Planes de Acción de Ruido de Navarra izeneko kontratuagatik.

Julio Lafuente López errektorea izan da ekitaldiaren burua, eta 13:00etan egin da Arteak eraikineko Ada Byron aretoan. Alfonso Carlosena García Ikerketako errektoreordearen agurraren eta ongietorriaren ondoren, sari banaketa egin da eta gero Larraza Quintana irakasleak eskerrak eman ditu saritu guztien izenean.

Lehenengo bi ikerketa ibilbide aitortu dira: Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloko Ikerketa Saria ikerketa-ibilbide pertsonalari Antonio Gil Bravo Kimika Ingeniaritzako katedradunarentzat izan da. Ingurumenaren arloan eta industria hondakinen kudeaketan aplikazioak dituzten adsortzio prozesuak eta katalitikoak ikertzen ditu. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

zoom Sari banaketaren ekitaldia

Sari banaketaren ekitaldia

Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetan, Francisco Javier Faulín Fajardo Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradunak eskuratu du ikerketa-ibilbide pertsonal osoari emandako ikerketa saria. Katedradunak gai hauek ikertzen ditu: logistika eta garraioa, ibilgailuen bideen arazoak, simulazioaren analisia eta modelazioa, bereziki enpresetan logistika eta banaketa arazoak konpontzeko. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.


Saritutako ekarpen zientifikoak


Ekarpen zientifiko hoberenei emandako sarien atalean, bi sari eman dira:

Ana Zabalza Aznarez eta Mercedes Royuela Hernando Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakasleek eskuratu dute Ikerketa Saria Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloetan 2009. eta 2010. urteetan egindako ekarpen zientifiko hoberenari “Regulation of respiration and fermentation to control the plant internal oxygen concentration” izenburua duen artikuluagatik. Aipatu irakasleez gainera, artikuluaren egileak hauek dira: Van Dongen J.T., Froelich, A.; Oliver S.N.; Fraxi, B.; Gupta, K.L.; Schmältzlin, El; Igal, M.; Orcaray, L; eta Geingenberger, P. Diploma eta 1.400 euro eman dizkiete.

Artikulua Plant Physiology aldizkari entzutetsuan argitaratu da, eta landareen ehunetako oxigenoaren barne kontzentrazioa arnasketa oxigenoaren benetako erabilgarritasunari egokituz kontrolatzen dela proposatzen du. Landareen ehunetan, oxigenoaren barne mailak balio oso txikiak izan ditzake. Ilarren sustraiekin egindako ikerketa honetan oxigenoaren kontsumoa egokitzeko mekanismo batzuk erakusten dira, hala nola arnasketa kateko muturreko oxidasak. Horretaz gainera, erakusten da oxigeno kontsumoa doitzeko mekanismoak lotuta daudela metabolito piruvatoaren erabilgarritasunarekin, oxigenoaren barne kontzentrazioa ez baita erregulatzen bitartekari glukolitiko hau zuzenean ematen denean.

Martin Larraza Quintana Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak eskuratu du Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetako Ikerketa Saria, 2009-2010. urteetan zehar egindako ekarpen zientifiko hoberenari, “Socioemotional Wealth and Corporate Responses to Institutional Pressures: Do Family-Controlled Firms Pollute Less?” izenburua duen artikuluagatik. Larraza irakasleaz gainera, beste egile hauek ere izan dira: Do Family-Controlled Firms Pollute Less?” Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Ingurumena errespetatzeko eta zaintzeko egindako presio sozialari enpresek emandako erantzunean osagai ez ekonomikoek duten zeregina aztertzen du artikuluak. Horretarako, familien kontrolpeko enpresek eta familien kontrolpean ez daudenek ingurumenaren arloan duten jokabidea konparatzen da. Beren erabakietan, familia-enpresek kontuan hartzen dute aberastasun sozio-emozionala deiturikoa. Termino hori erabiltzen da alderdi ez monetarioak aipatzeko, hala nola familiaren ospea, familiaren identifikazioa enpresarekin, enpresaren herentziaren transmisioa etorkizuneko belaunaldiei edo gizarte laguntza. Aberastasun sozio-emozional hori gordetzeko, familia-enpresek ingurumen gaiekiko sentsibilitate handiagoa dute.

Ondorio hori kontrastatzeko, Estatu Batuetako balio handiko 194 familia-enpresek eta familienak ez direnek 1998-2002 aldian izan duten jokabidea aztertzen da. Lortutako emaitzek baieztatzen dute familia-enpresek ingurumenarekiko sentsibilitate handiagoa dutela, eta, beraz, alderdi ez ekonomiko horiek garrantzitsuak direla ingurumena zaintzearen aldeko presioei erantzuteko.


Jakintza edo Teknologia bestetaratzeko emaitzarik hoberena


Miguel Arana Burgui Fisika Saileko irakasleak eskuratu du 2009-2010. urteetan amaitutako Proiektu edo Kontratu bati esker egindako Jakintza edo Teknologia bestetaratzeko emaitzarik hoberenaren saria, Elaboración de los Planes de Acción de Ruido de Navarra entre Trabajos Catastrales y la Universidad Pública de Navarra izeneko kontratuagatik. Arana Burguiz gainera, lanaren egileak dira irakasle hauek: Ricardo San Martín Murugarren, Antonio Vela Pons y Luisa San Martín Erviti. Diploma eta 700 euro eman dizkiote. Balio erantsia gauzatzen da mapa horiek egiteko kontuan hartu behar diren aldagai anitzek duten eraginaren ikerketa sistematikoan, bai eta hainbat metodologiaren zehaztapenean eta ukitutako pertsonen ehunekoaren ebaluazioan ere. Lortutako emaitzak akustikaren arloan nazioartean puntakoak diren aldizkarietan argitaratu dira.