Miguel Hernáez Sáenz de Záitigui telekomunikazio ingeniariak nanoesferetan eta estaldura nanoegituratuak dituzten geruzetan oinarritutako zuntz optikoko sentsore berriak fabrikatu ditu, eta horrek beren morfologia zehaztasun handiagoz kontrolatzeko aukera ematen du. Bere ikerketari esker, nazioarteko patente bat eskatu du, Lossy Mode Resonances izenaz ezagutzen den erresonantzia mota berezi batean oinarritutako zuntz optikoko sentsoreentzat.
Zuntz optikoko sentsoreen esparruan film lodiagoen deposizioaren bidez antzematen ez diren efektu optiko jakin batzuk sortzeko aukera ematen dute estaldura nanoegituratuek. "Efektu hauek erabil daitezke edozein aldaketa fisiko edo kimiko detektatzeko zuntza inguratzen duen espazioan, erabilitako nanoestaldura mota zein den. Esaterako, hezetasunean, pH-an, tenperaturan aldaketak, osagai kimiko desberdinak etab. detektatzen dituzten sentsoreak fabrika daitezke", azaldu du Miguel Hernáezek.
Bere esanetan, nanoteknologiaren etorrerak "benetako iraultza ekarri du hainbat esparrutara, materia eskala atomikoan manipulatzeko aukera eskaini baitu, eta horri esker deposizio metodo berriak eta material berriak garatu dira". Zuntz optiko nanoestalduradunak ekoizteko hainbat deposizio teknika aztertu ditu eta egokienak erabili ditu. "Zehazki —esan du—, konplexutasun txikienetik handienera nanoFabry-Perots-en, kristal fototonikoko zuntzean, eta Lossy Mode Resonances-en oinarritutako sentsore-arkitektura desberdinak aztertu ditut lan honetan.
Bere doktoretza tesiaren izenburua “Desarrollo de sensores de fibra óptica basados en nanoesfereas y films nanoestructurados” da. Ignacio R. Matías eta Patxi Arregui Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedradunek zuzendu dute eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.
Miguel Hernáezek 2008an bukatu zituen telekomunikazio ingeniaritzako ikasketak NUPen, eta ordutik proiektu laguntzaile eta lankide aritu da lanean Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean.Estaldura nanoegituratuen fabrikazioarekin lotutako ikerketa proiektuetan eta propietate bereziak dituzten materialen funtzionalizazioan parte hartu du. 2010ean bost hilabeteko ikerketa egonaldia egin zuen Astongo Unibertsitateko Photonics Research Group-en (Birmingham-Erresuma Batua), Dave Webb eta Tom Allsop doktoreen ikuskaritzapean.