Olga Belletich Ruiz Hezkuntzan lizentziaduna da, Historia eta Gizarte Zientziak espezialitatean, eta Pedagogian lizentziaduna. Bere doktoretza tesian ikertu du zer gertatzen den latinoamerikar ikasleak ikastetxe berri batera iristen direnean, kasu honetan Iruñean edo Iruñerrian, eta prozesu honek nolako ondorioak dituen ikaslearengan, psikologia, prestakuntza zein irakaskuntza arloetan. Ikerketaren barruan esku-hartzerako gida bat prestatu du, ikastetxeetako zuzendaritza eta irakaskuntza kudeatzeari begira.
“Zientziak frogatu du ikasleek, edozein dela ere haien jatorria, kultura edo hizkuntza, berdintasun kongnitiboa dutela, baina hona iristen direnean berdintasun-presuntzio hori alderantzizko bihurtzen da eta “eskola atzerapena” da presuntzioa. Ikasleek badakite hori, eta estereotipo gisa ikusten dute, ia gaindiezina” azaltzen du Belletichek. Hori da ikerketaren lau alderdi esaguratsuenetako bat. Ikerketarako lanean sartu dira 22 eskola publiko eta pribatu, 26 irakasle eta 982 ikasle, jatorriko testuinguruetan eta Nafarroan.
Tesiaren izenburua “Enseñanza-aprendizaje de modelos educativos y criterios pedagógicos para la inclusión de adolescentes latinoamericanos” da. Zuzendaria Benjamín Zufiaurre katedraduna izan da, Psikologia eta Pedagogia Sailekoa, eta zuzendarikidea Miguel R. Wilhelmi, Matematika Sailekoa, biak Nafarroako Unibertsitate Publikokoak. Tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu du, Europako doktorea aipamenarekin.
Olga Betellich sortzez peruarra eta adopzioz espainola da. Peruko, Boliviako eta Ekuadorreko hezkuntza ereduak aztertu zituen, eta nola aplikatzen diren Latinoamerikako ikasgeletan. Ondoren, aztertu zuen ikasleek nola atzematen dituzten hezkuntza eredu horiek harrerako testuinguruetan, eta, halaber, ikastetxe berrira iristen diren ikasleen profil psikosoziala eta nolako esku-hartzeak egiten diren hasieran harrerako protokoloan. “Ikertu dugu nola saiatzen den gainditzen gatazka kognitiboa, epistemologikoa, irakaskuntzakoa, psikosoziala eta kulturala, jatorriko ikastetxeetan nagusi zen jakintza eta destinoko ikastetxean eskatzen den jakintza elkarren aurka jartzeak sortzen duen gatazka.
Egileak azpimarratzen duenez, prozesuaren gai adierazgarrienetako bat da haiserako ebaluaziorako mailakatze proba pentsatzeko eta antolatzeko Espainiako curriculumetik abiatu dela, eta ez ikasleek aldez aurretik dituzten ezagutzetatik. “Nork esango du hamaika urteko ikasle bat atzeratuta dagoela oraindik ez dakielako aldagaiak bakantzen, jatorriko hezkuntza sisteman ezagutza hori geroko eskola-aldi batean badago? —dio egileak—. Gainera, ikasle baten maila kognitiboaren oinarritzat eskolako ikasketa maila hartzea, berez, akats epistemologiko larria da”.
Aurrekoari gehitu beharreko kontuak ditugu, halaber, migrazio doluak sortzen duen estresa, eta hizkuntza zailtasunak, era bikoitzean: latinoamerikar ikasleek Amerikako espainiera hitz egiten dute, eta horregatik uste izaten da ez dutela hizkuntza arazorik izan behar. Izan ere, akats batean eror gaitezke, alegia, oker hitz egiten dutela uste izatea, haien doinua, egiturak edo esamoldeak direla eta. “Eta hizkuntzak pentsamenduak, gauzak izendatzeko moduak, esanahiak, erlazio kodeak, eta gisakoak adierazten dituenez, ikasle etorri berriek ahalegin gogorrak egin behar dituzte, denbora laburrean, “hizkuntza ikasteko”, espainieradunak ez diren ikasleei bakarrik eskatu ohi zaiena”.
Zailtasunak eta jarraibideak
Aurrez aurre jartzeko prozesu honetan sortzen diren zailtasunei dagokienez, ikerketan aipatzen da ikasleen zaurgarritasun handia hezkuntza inklusiborako duten eskubidearen aurrean, eta autoestimuaren aldaketa, “eskola-errendimenduari buruz duten itxaropena murrizten baitzaie, sistema ulertzen ez dutelako eta sistemak ere haiek ez dituelako ulertzen”. Halaber, segurtasun eza atzematen dute ordura arte ikasi dituzten irizpide pedagogikoen balioari dagokionez, eta, era berean, aldaketa gertatzen da hezkuntzari egozten dioten rolean: jatorriko testuinguruetan aukera pertsonal eta sozialen sortzailea zen, eta orain jarraibide sozial hautatzailea da. Azkenik, gatazka kultural eta psikosozial bat atzematen da jatorriko testuinguruetan ikasi duten genero araubidearen eta harrerako eskoletan bultzatzen den berdintasun ikuspegiaren artean. “Esperimentazioak frogatzen duenez, ikasle horiek irrikitan daude rol sozial berriak esperimentatzeko”, dio Belletich irakasleak.
Esku-hartzerako gida ikerketan parte hartu duten ikasle eta irakasleekin prestatu da, eta hainbat jarduera aurkezten du arazoari aurre egiteko eta irakaslana hobetzeko. Horiek horrela, proposatzen da harrera protokoloan jarraibide bat sartzea erreferentziako hezkuntza eredua, eskolatze sistema eta ikaslearen jatorriko ikasketa maila zehaztuko dituena. Era berean, irakasgai bakoitzeko irakaskuntza alderdien irakaspen soila gainditu nahi da, eta agerian utzi diziplinatik kanpoko alderdiak daudela, egiteko, egoteko eta ebaluatzeko moduak baldintzatzen dituztenak, esate baterako, ikasgelan parte-hartzea, egitekoak burutzea, ikaskideekiko harremana, lanak prestatzea, eta abar.
Halaber, proposatzen da ikasle guztiendako eremuak sustatzea, elkarrekin azter dezaten genero araubidea, “aldagai horrek eragin argi eta erabakiorra duelako jatorriko testuingurutik jasotako arlo kultural eta sozialean eta hezkuntzakoan”. Ikasgelan ekintzak sartzea, ulertarazteko hezkuntza ez dela bukatzen irakaskuntzaren alderdian, hizkuntzaren afera kontuan hartzea eta jakitea ikaskuntza berriek denbora eskatzen dutela, horiek dira, besteak beste, egiten diren proposamenak.
Olga Belletich Ruiz Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da, Historia eta Gizarte Zientziak espezialitatean, Piurako (Peru) Unibertsitatean, eta Pedagogian lizentziaduna UHUNen. Hamairu urtez Filosofia eta Psikologiako irakaslea izan da Bigarren Hezkuntzan, Peruko Hezkuntza Ministerioko funtzionario gisa, eta Piurako Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea. Gaur egun, NUPeko Psikologia eta Pedagogia Sailean lan egiten du ikerketa kontratu baten bidez, Didaktika eta Ikastetxearen Erakuntza arloan, eta parte hartu du nazioarteko ikerketa proiektuetan, MER izenekoan besteak beste. Bere artikulu garrantzitsuenetan ondoko hauek ditugu: “Análisis de las pautas de intervención en estudiantes con dificultades de aprendizaje” eta “Análisis de la incidencia del régimen de género sobre las percepciones de los estudiantes acerca de la educación”. Azken ikerketa hau Edinburgoko Unibertsitatean egindako egonaldian prestatu zuen.