Nafarroako Unibertsitate Publikoan hitzaldi ziklo bat egingo da heldu den astean, eta aditu talde batek eguzki-energia termoelektrikoaren, energia berriztagarriak sarean sartzearen eta auto elektrikoaren gaur egungo egoera eta etorkizunerako perspektibak aztertuko ditu. Energia Berriztagarrien Ikasgelaren II. Zikloan entzute handiko adituek gai hauei buruz dituzten ezagupenak eta esperientziak partekatuko dituzte. Unibertsitateko kideei eta energia berriztagarrien eremuko profesionalei zuzenduta dago zikloa.
Topaketa hau astelehenean, azaroaren 21ean, hasiko da Valeriano Ruiz Hernández Sevillako Unibertsitateko Termodinamikako katedradun eta Energia Berriztagarrien Teknologia Zentroko lehendakariaren hitzaldi batekin, eguzki-energia termoelektrikoari buruz. Antolatu diren hiru hitzaldiak arratsaldeko 18:30ean izango dira, Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, eta jendearentzat zabalik daude.
Elisabeth Giraut Ruso Acciona Energíako Zuzendaritza Nagusiko eta Burutza Ikasketetako kudeatzaileak emango du bigarren hitzaldia asteazkenean, azaroaren 23an, eta energia berriztagarrriak sarean sartzeko proiektua aztertuko du. Zikloa ostegunean, azaroaren 24an, amaituko da auto elektrikoari buruzko hitzaldi batekin. Hitzaldi hau zuzentzeaz arduratuko da Eugenio Guelbenzu Michelena Acciona Energíako Berrikuntza eta Hidrogenoa, Ibilgailu Elektrikoa eta Elektrizitatea Biltegiratzeko zuzendaria.
NUPen eta enpresen arteko lankidetza
Gamesa, Ingeteam, Cener, Acciona Energía eta Acciona Windpower enpresek eta unibertsitateak sinatutako lankidetza zientifiko-teknologikorako hitzarmenaren emaitza da Energia Berriztagarrien Ikasgela, Unibertsitate Publikoaren eta entitate horien arteko lankidetza bultzatzeko. Ikasgelaren helburua da programak, proiektuak eta jarduerak garatzea, ezagutza bestetaratzea eta trukatzea sustatzeko.
Hitzarmenaren lehen urtean, beren Ikasketen Amaierako Proiektuak edo Master Amaierako Lanak Gela honen baitan egin dituzten hogei ikasleen % 75 baino gehiago enpresa parte-hartzaileek kontratatu zituzten gero, eta proiektu horietako batzuen kasuan patenteak eskatu dira.