Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak III. Eztabaida Liga antolatu du. Izan ere, Irakasletzako (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza), Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko titulazioetan lehen ikasmaila egiten ari diren ikasle guztiek duten Hezkuntza Erakundeak irakasgaiaren jarduera praktiko eta ebaluagarria da lehiaketa. 400 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aste honetan prestakuntza saioekin hasi den prozesu honetan. Lehiaketa datorren astelehenean hasiko da eta finalak azaroaren 28an egingo dira.

Egun hauetan, ikasleek aldez aurretik hautatu den gai bati buruz eztabaida egin behar dute: botere publikoek irakaskuntza pribatua finantzatu behar dute, edo soilik publikoa finantzatzeari ekin behar diote? Jarduera hau Europako Unibertsitate Eremuaren irakaskuntza metodologia berrietan sartzen da, eta honako helburu hauek dauzka: jendaurrean mintzatzeko gaitasunak garatzea, norberaren ideiak eraginkortasunez azaltzeko eta ideia desberdinak errefusatzeko gai izatea, bai eta gai bati buruzko dokumentazioa bilatzen jakitea ere.

Praktika hau Hezkuntza Erakundeak irakasgaiaren 7. eta 9. gaiak garatzeko baliagarria da. Izan ere, bi gai horiek erakunde horien antolamenduarekin (sare publikoa eta pribatua), eta hezkuntzarako eskubidea eta hezkuntza munduan gaiekin lotuta daude, hurrenez hurren.

Lehiaketa aldia hasi aurretik, gaia eskolan azaldu da eta ikasleek jaso dute gaiari buruzko dokumentazioa. Ondoren, (aste honetan zehar), hainbat adituk oratoriako prestakuntza espezifikoa eskainiko diete.

Datorren astean lehiaketa aldia hasiko da. Guztira irakasgaian dauden 7 taldeetako (5 gaztelaniazkoak eta bi euskarazkoak) 400 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute (12 talde ikasgela bakoitzeko). Finalerdietara gaztelaniazko 5 talde iritsiko dira eta, finalera, 2 gaztelaniaz eta 2 euskaraz. Ebaluazioari dagokionez, parte hartzen duten ikasle guztiek 0,25 puntu dituzte parte-hartze hutsagatik, eta irabazleek puntu bat gehienez ere.

Epaimahaia irakasleek osatzen dute eta balioetsiko dituzte erabilitako argudioen zorroztasuna eta dialektika elementuen aberastasuna. Balioetsiko dira, besteak beste: argudioen aniztasuna, naturaltasuna, adierazgarritasuna, espazioa menperatzea, hasiera liluragarriak eta bukaera irmoak, ahotsa zein isiluneak menperatzea, hizkuntzaren aberasgarritasuna, etab.