Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hausnarketa jardunaldi bat antolatu du ostiral honetarako, krisiak Nafarroako kohesio sozialean zer eragin duen aztertzeko. Bilkuraren antolatzailea Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Zentroa (CIPARAIIS) da, Unibertsitateak berriki sortua. Zentroan desberdintasunaren arloan lan egiten duten nafar entitateek parte hartzen dute. Jardunaldia Osasun Zientzien eraikineko ekitaldi-aretoan egingo da, Barañaingo etorbidean, eta sarrera doakoa da, izena aldez aurretik emanda. Jardunaldiko programa osoa eta izena emateko inprimakia helbide honetan kontsulta daiteke: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos

Jardunaldia hasteko ekitaldia 9:30ean izango da, eta ondoko hauek arituko dira: Miguel Laparra, Gizarte Laneko irakaslea eta Alter Ikerketa Taldeko arduraduna, Concepción Corera, NUPeko Unesco Katedrako arduraduna, eta zentroa osatzen duten erakundeetako ordezkariak (Elizbarrutiko Caritas, Ilundain Fundazioa, Gaztelan Fundazioa, Gurutze Gorria eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea).

Ondotik aurkeztuko dira zentroak hasi dituen ikerketa lerroak, eta krisiak nafar etxeetan, gizarte erakundeei egiten zaizkien eskaeretan edo pertsona baztertuengan duen eraginari buruz egin diren ikerketen lehen emaitzak.

Jardunaldia bukatzeko mahai-inguru bat egingo da gizarte bazterketaren arloan lan egiten duten entitateek aurkez ditzaten haien kezkak eta krisia sortzen ari den eraginaren aurrean dituzten proposamenak. Mahai-inguruko moderatzailea Concepción Corera izango da, eta ondoko hauek arituko dira: Ángel Iriarte (Iruñea-Tutera Elizbarrutiko Caritas); José Luis Otano (Ilundáin Fundazioa), Amaya Campión (Gaztelan Fundazioa), Juan Jose Martín (Gurutze Gorria) eta Ubaldo González (Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea).

Ikerketa eta eragina gizartean

Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Zentroa 2010aren bukaeran sortu zen. Zentroaren helburua da bere egitekoak benetako eragina edukitzea eztabaida sozialean eta gizarte politikak diseinatu eta abian jartzerakoan. Zentroaren ikerketaren ardatza ondoko gai hauek dira: gizarte desberdintasunak, pobrezia eta bazterketa, genero desberdintasunak eta etnien arteko harremanak, inmigrazioa eta gizarte integrazioa.

Zentroak hainbat diziplina eta espezializazio arlotako ikertzaileak ditu, besteak beste ondoko hauetakoak: gizarte lana, gizarte politika, soziologia, ekonomia, antropologia eta generoari buruzko ikerketak. Zentroak lan planean aurreikusi dituen jardueretako bat izango da txosten bat prestatzea Nafarroako desberdintasunari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruz.

Zentro hau sortzean NUPek dituen helburuetako bat da sare sozialak proiektuan parte hartzea. Horretarako, lankidetzako esparru hitzarmen bat sinatu zuen Nafarroako bost entitaterekin. Horiek gizarte desberdintasunen arloan lan egiten dute, lankidetza, hedapena, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzeko.

Entitate horiek gertutik lan egiten dute gizarte arazoekin eta egoera ahulenean dauden taldeekin, eta testuinguru sozial horren ezagutza sakona dute. Gainera, gizarte arloan lehen mailako eragileak dira eta oso leku egokian daude zentroaren ikerketen emaitzak jaso eta erabiltzeko. Hitzarmenean aurreikusita dago elkarrekin egitea ikerketa proiektuak eta prestakuntza eta hedapenerako jarduerak. Era berean, aurreikusi da ikasleek Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Zentroan master amaierako lanak egin ahal izatea aipatu gaiei buruz.