Joan eduki nagusira

Zarataren aurkako, hiritarren bizikidetzak egun duen arazo kezkagarrienetako baten aurkako tresna juridikoak aztertuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko X. Azterlan Jardunaldietan. Jardunaldiak azaroaren 9 eta 10ean egingo dira Arteak eraikineko Ada Byron aretoan, eta sarrera doakoa da, aldez aurretik izena emanda. Topaketa honetako programa eta izena emateko inprimakia www.unavarra.es web-orrialdean daude eskuragarri.

Hainbat adituk zarataren aurka erabil daitezkeen estrategia juridikoak aztertuko dituzte topaketa honetan. Lehenengo saioa asteazkenean, azaroaren 9an, 19:00etan hasiko da, eta NUPeko hiru irakaslek ponentzia bana aurkeztuko dute zarataren aurkako tresna juridikoei buruz. Batetik, Administrazio Publikoek zarataren aurka borrokatzeko dituzten tresnak aztertuko dira, bai eta administrazio horien erantzukizuna ere hiritarrek zarata maila jasanezinak pairatu behar dituztenean. Bigarren ponentzian, arazo akustikoak aztertuko dira auzoen arteko harremanen ikuspegitik, eta, hirugarren ponentzian, azkenik, kutsadura akustikoa delitutzat hartzeko aukera azalduko da.

Bigarren saioa ostegunean, azaroaren 10ean, egingo da, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko bi epailek administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eta jurisdikzio zibilean zarataren gaia nola erabili den azalduko dute.

Francisco Javier Alenza García eta Natividad Goñi Urriza irakasleek antolatu dituzte X. Azterlan Jardunaldiak, eta jardunaldi horiek Administrazio Publikoetako langileei, igorpen akustikoekin lotutako enpresei eta profesionalei, unibertsitateko ikasleei eta oro har jende guztiari zuzenduak daude.


Etxebizitzen % 30ek arazoak dituzte zaratekin


Espainiako etxebizitzen % 30ek arazoak dituzte zaratekin. Osasunean, ondasunetan eta ingurumenean eragiten dituen ondorio kaltegarriak direla-eta, zaratak hainbat eskubide urra ditzake, are oinarrizko batzuk ere, hala nola osasuna eta osotasun fisikoa edo intimitaterako eskubidea eta etxebizitzaren bortxaezintasunerako eskubidea.

Nafarroan zaratari buruzko epai oso deigarriak izan dira. Esanguratsuenek zerikusia dute Udalen erantzukizunarekin, jarduera zaratsuek, esaterako industria instalazio batek, hipermerkatu batek, igeltserotzako eskola-lantegi batek edo gazteen “pipategi” batek, eragindako kalteengatik. Udalen aurkako zigorraren oinarria da ez zutela deus egin auzoek aurkeztutako salaketen aurrean, edo ez zituztela neurri eraginkorrak hartu ingurune isil edo akustikoki ez kutsatu bat izateko eskubidea bermatzeko. Beste kasu batzuetan, ordea, ez da zigorrik egon, esaterako Eskualdeko Hiri Garraioko autobusen geralekuaren kasuan.

Iruñeko San Agustin elizako ezkilena izan da beste gai oso deigarri bat. Lehen instantzian ezezkoa eman bazitzaion ere bi auzok ezkilek ateratzen zuten zarataren aurka aurkeztutako erreklamazioari, errekurtsoan partzialki onartu zen eskaria, bai eta erabaki ere orduak emateko ezkila jotzeari utzi behar zitzaiola, baina ez elizkizunetara joateko, elizkizunak zaratari buruzko arauditik kanpo baitaude, haien erabilera Espainiako kultura tradizioaren funtsezko ezaugarri delako.