Joan eduki nagusira

Espainiako eta Latinoamerikako adituek Latinoamerikako mugimendu konstituzionalistek gaur egun dituzten joerei buruz eztabaidatuko dute Iruñean egingo den nazioarteko biltzar batean. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du biltzarra Ikerketarako Errektoreordetzaren eta Zientzia Juridikoen Fakultatearen bidez eta Nafarroako Parlamentuaren eta Parlamentuari eta Estatu Autonomikoari buruzko Ikerketen Manuel Giménez Abad Fundazioaren laguntzarekin.

Biltzarra azaroaren 3an (Zientzia Juridikoen Fakultatean) eta azaroaren 4an (Parlamentuan) egingo da, eta Ekuador, Mexiko, Brasil, Kolonbia eta Peruko adituak bilduko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko, Valentziako, Zaragozako eta Jaengo Unibertsitateetako, UNEDeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek osatuko dute Espainiako ordezkaritza.

Bi egun horietan Latinoamerikan gertatzen ari den aldaketa konstituzionalen uholdea aztertuko da. Aldaketa horiek errotik erreformatu dute, hautsi ez dutenean, herrialde horietako sistema demokratikoen euskarri den Zuzenbide Estatuaren eredua.

Sarritan, aldaketa horiek direla-eta, herrialdeko erakundeak berrantolatu dira, eta Latinoamerikako “konstituzionalismo berria” deritzanaren sorrera ekarri du. Konstituzionalismo berriaren ezaugarri nagusiak hauek dira: hiritar guztiei oinarrizko eskubideen aitortza, Estatu sozialaren aldeko apustua Estatu neoliberalaren aurrean, Estatuaren ikuspegi zentralista eta jakobinoaren uztea deszentralizazioaren eta kultura- eta erakunde-aniztasunaren aldeko apustua egiteko esparru guztietan, herrialdeko bakoitzeko ingurumenaren babes publikoa, edo gai publikoen kudeaketan hiritarren parte-hartzeak izan duen gorakada nabarmena…

“Latinoamerikako konstituzionalismoak gaur egun dituen joerak" izenburupean, Espainiako eta Amerikako espezialista entzutetsu batzuk bildu nahi ditu biltzarrak, ikuspegi konparatu eta diziplinarteko batetik, Latinoamerikako konstituzionalismo berriaren eskutik garatzen ari diren esperientzia horiei guztiei buruz gogoeta egiteko, abiapuntutzat hartuta gizartean, politikan, zuzenbidean, ekonomian, kulturan eta doktrinan sarri eztabaida handiak sortzen dituzten esperientziak direla.

Izena emateko epea zabalik dago

Izena emateko epea zabalik dago, eta interesa duten pertsonek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Pribatuko Sailera jotzeko aukera dute 948-169616 telefonora deituz edo derecho.privado@unavarra.es helbidera idatziz. Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleek hautaketa libreko kreditu bat lortuko dute, jardunaldietara joaten badira. Halaber, biltzar osoan parte hartzeak dagokion egiaztagiria lortzeko bidea emango du.

Biltzar honi buruzko informazio guztia (izena emateko buletina, komunikazioak aurkezteko arauak, etab.) kontsultatzen ahal da Zuzenbide Pribatuaren Sailaren webgunean ((www1.unavarra.es/dep-derechoprivado).