Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Carmen Jarén, Juan Manuel Gorostiaga, Jesús María Pintor, Javier Igea eta Elisa Sierra

Ezkerretik eskuinera, Carmen Jarén, Juan Manuel Gorostiaga, Jesús María Pintor, Javier Igea eta Elisa Sierra

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Mutua Navarra eta Prevención Navarrarekin Lan Arriskuen Aurreikuspeneko Masterra finantzatzeko. Graduondoko ikasketa hauek 2011-12 ikasturtean ezarri dira eta 25 ikasle daude matrikulatuta. Hitzarmenaren barnean dago Mutua Navarra eta Prevención Navarrak laguntzea master honetako ikasleek praktikak egiteko aukera izan dezaten beraiekin lotutako enpresetan.

Hitzarmena sinatu dute Jesús María Pintor Borobia NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak, Juan Manuel Gorostiaga Ayestarán Mutua Navarrako zuzendari kudeatzaileak, eta Javier Igea Larráyoz Prevención Navarrako zuzendari kudeatzaileak. Ekitaldian ondoko hauek ere egon dira: Carmen Jaren Graduondoaren Arloko zuzendaria eta Elisa Sierra masterreko zuzendari akademikoa.

Zioen azalpenean adierazi dutenez, Lan Arriskuen Aurreikuspeneko Masterraren ezarpena Nafarroako gizartearen eskaera bat da, dauzkan ezaugarri sozioekonomikoengatik eta ikasketa horietan prestatuta dauden profesionalen beharragatik. Zehazki, ikusi da lan arriskuen aurreikuspena dela NUPek Europako Unibertsitate Eremura egokitzearen ondorioz ezarri dituen zenbait graduren lanbide irteeretako bat.

Horregatik, Mutua Navarra eta Prevención Navarra unibertsitateko graduondo hau ezartzeko prest agertu dira, bera finantzatzen lagunduz. Izan ere, 2011-12 ikasturtean, Mutua Navarrak 9.000 euro emango ditu, eta Prevención Navarrak beste 3.000 euro ordainduko ditu.

Gainera, bi erakundeek Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan jardungo dute errazteko master honetako ikasleek praktikak egiteko aukera beraiekin lotutako enpresetan. Bi erakunde hauek 4.300 enpresatik gora eta 67.000 langile biltzen dituzte. Ehun urtetik gorako historian zehar langileen osasuna zaintzeko, arriskuak aurreikusteko, eta lan baldintzak hobetzeko garrantzi handiko jarduerak garatu dituzte.

Mutua Navarra eta Prevención Navarra erakundeek interesa agertu dute lan arriskuen aurreikuspen gaietan daukaten ezagutza eta esperientzia ekartzeko ere, masterraren irakaskuntza kalitatea hobetzeko xedez.

Aurreikuspena, gizarte ongizateko eragile bat

Lan arriskuen aurreikuspena oinarrizko eragile bihurtu da langileen ongizatea eta osasunaren babesa defenditzen dituen gizarte batean. Horretarako, politika eraginkorra gauzatu behar da lan istripuak, laneko gaixotasunak, eta oro har, langileen ongizatea arriskuan jartzen duen laneko ingurua saihesteko.

NUPen ezarri den Lan Arriskuen Aurreikuspeneko Masterrak profesionalen eskariari erantzun nahi dio prestakuntzaren alderditik, haiei aurreikuspenaren arloko ikuspegi orokor bat eskainiz, zeina puntu hauen inguruan egituratzen baita batez ere: hasierako plangintza, dagoen arriskuaren araberako neurriak hartzea eta aurreikuspen zerbitzuen unibertsalizazioa. Graduondo honetan diziplina anitzeko prestakuntza sendoa eskaintzen da, eta horretarako profesionalen prestakuntza zuzena bermatzen duten hainbat eremutako adituen lankidetza dago: hala nola juridikoak, medikuntzakoak, teknikoak eta soziologiaren arlokoak. Master honi buruzko argibide guztiak ikusgai daude honako helbide honetan: http://www1.unavarra.es/estudios/posgrado