Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordearekin (ezkerrean) eta Natalia Tajadura programako koordinatzailearekin.

Ikasleak Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordearekin (ezkerrean) eta Natalia Tajadura programako koordinatzailearekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamar ikaslek beste hainbeste adingaberi laguntzeko programa batean hasi dira, haiendako eredu positiboa izateko eta babesa eskaintzeko. Adingabe horiek Lehen Hezkuntzako seigarren mailan daude, Iruñeko García Galdeano Ikastetxe Publikoan. Proiektu honetan parte hartzen duten ikasleak hainbat testuinguru soziokulturaletako gaztetxoen jagoleak izango dira, eta gizartean txertatzen lagunduko diete. Aukera izango dute hainbat jarduera egiteko eta horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk izateko.

Programa pilotua abian jarri zen aurreko asteburu honetan, jolas jardunaldi baten bidez, eta unibertsitateko ikasleek lehen harremana izan zuten 2011-12 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeekin. Jardunaldian Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea egon zen, eta lan bilerak ere egin ziren. Bilera horietan parte hartu zuten adingabeen gurasoek, García Galdeano ikastegiko irakasleek, eta NUPeko teknikariek.

zoom Jagoleetako batzuk lehen topaketan García Galdeano Ikastegiko haurrekin.

Jagoleetako batzuk lehen topaketan García Galdeano Ikastegiko haurrekin.

Ekimen honen izena Urretxindorra Proiektua da, Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatu du, eta lankidetza ematen dute NUPeko Unesco Katedrak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Halaber, La Caixa fundazioaren laguntza ekonomikoa du.

Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak eta kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrak harremanetan jartzea, abiapuntutzat hartuta haien arteko harremana aukera ona dela beste esperientzia batzuk izateko, beste trebetasun batzuk lantzeko, eta pertsonarteko beste harreman modu batzuk edukitzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak bultzatuko ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua, azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.

Prestakuntza eta jarraipena

Deialdi publiko baten bidez aukeratutako ikasleek joan den irailetik prestakuntza jaso dute, aniztasun kulturalari, gaztetxoekin egoerei aurre egiteari edo familiarekin harremanak izateari buruzko gaietan. Guztira, ia hogei lan ordu izan dira. Ikasleek ikastetxea ere bisitatu dute Iruñeko Txantrea auzoan, eta aisialdirako dauden baliabideak bertatik ezagutzeko aukera izan dute. NUPeko irakasle espezialistek eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko teknikariek eman dituzte hitzaldiak.

Urretxindorra Proiektuan parte hartzen ari diren hamar ikasleetatik, zortzi Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko titulazioetakoak dira. Izan ere, bost Gizarte Lana, bi Irakasletza, eta bat Soziologia ikasten ari dira. Gainerako biak Telekomunikazio Ingeniaritza eta Enpresa Zientzietako ikasleak dira.

Honako hauek dira ikasleak: María Iriarte Munárriz, Raquel Azanza Álvarez, David Urra Grimal, Arantxa Alemán Arrate, Loreto Muruzábal Izurzu, Ximena Murillo Portilla, Irune Elizondo Echeconanea, Jartim Ibáñez Askunce, Javier Ayesa Ruiz eta Alayn Echeverría Azcona.

Jolas eta kultura jarduerak hiru orduz astean

Languntzeko lana 2011-12 ikasturte osoan zehar egingo da. Jolas eta kultura jarduerak egingo dira gaztetxoen aisialdietan, hiru orduz astean, eta Unibertsitateak gainbegiratuko dituen irizpideei jarraikiz.

Ikasle jagoleek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko. Jagolea izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko. Jarduera bukatzen denean, ikasleek haien parte-hartzeari buruzko ebaluazio-txosten bat prestatuko dute. Parte-hartzaile bakoitzak 300 euroko beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortutako gastuak ordaintzeko.