

Eugenio Tuya, Eloísa Ramírez eta Alberto Catalán alboan dituela, Jaime Brunet sariaren diplomarekin.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak atzo, urriak 6 osteguna, eman zuen Madrilen Giza Eskubideak sustatzeko 2010eko Jaime Brunet Saria, Yoani Sánchez kazetari kubatarrari, Madrileko Prentsako Elkartearen egoitzan egindako ekitaldi batean. Yoani Sánchez ekitaldira joan ez zenez, Eugenio Tuya Anayako editoreak eta sarituaren adiskideak jaso zuen saria.
“Nafarroa komunikabideetan” izeneko jardunaldien II. Edizioaren barnean eman zen saria. Madrileko Prentsako Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldi bat da, eta aurten izenburu hau dauka: “Kazetari nafarrak, komunikabide berrien protagonistak Madrilen”. Ekitaldia Madrileko Prentsako Elkarteko “Francos Rodríguez” Ekitaldi Aretoan egin zen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkaritzaren buru izan ziren Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea eta Alberto Catalán Jaime Brunet Fundazioko Patronatuko ohorezko lehendakariordea eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Halaber, ekitaldian izan ziren Joaquín Mencos Doussinague Fundazioko lehendakariordea eta Luis Guillermo Perinat Elío eta Javier Sáiz de los Terreros Goñi patronatuko kideak.


Eugenio Tuya Yoani Sánchezek bidalitako eskutitza irakurtzen Mencos, Ramírez, Catalán eta Perinaten begiradapean
Joaquín Mencosek sariaren epaia irakurri zuen, eta, jarraian, Eloísa Ramírez eta Alberto Catalánek ziurtagiria eta “Teobaldo” eskulturaren erreprodukzio bat eman zizkioten Eugenio Tuyari. Eskultura Antonio Eslavaren obra bat da eta Unibertsitateko Liburutegian dago.
Yoani Sánchezen izenean, sarituak Kubatik bidalitako eskutitz bat irakurri zuen Eugenio Tuyak, "herrialde bat, non konforme ez gaudenoi ukatu egiten baitzaigu tarte bat hedabide nazionaletan eta teknologia askatasunaren azpiegitura bihurtu baita askorentzat eta bereziki niretzat”. Yoani Sánchezek eskerrak eman zituen Jaime Brunet sariagatik. Bere hitzetan, pertsona entzutetsu ugarik jaso dute sari hau eta orain "hitza arma gisa darabilen herritar xume batek jaso du".
Azkenik, sarituak adierazi zuen “saria ez dela egindako ibilbidearen ordaina, kubatar guztioi egiteko geratzen zaigun bide gorabeheratsurako akuilua baizik”.
Isilarazitako pertsonen bozeramailea
2010eko Jaime Brunet Nazioarteko Saria emanda epaimahaiak nabarmendu nahi izan zuen Yoani Sánchezek (Kuba, 1975) bere blogean egindako lana. Erregimen castristak zentsuratu egin zuen aipatu bloga 2008ko martxoan, baina bizirik dirau, kubatarrek bertan sartzea debeku badute ere. Halaber, epaimahaiak aitortu zuen Yoani María Sánchez bezalako pertsonen “lan miresgarri eta xumea", beren eguneroko esperientziei buruz idatzi eta haiek kontatzeko talentuak bihurtzen baititu beldurrak eta mehatxuak isilarazitako milaka pertsonaren bozeramaile. Nazioarteko komunitateak entzute handiko hainbat sari eman dizkio Yoani Sánchezen blogari (www.desdecuba.com/generaciony/). Besteak beste, kazetaritzako Ortega y Gasset saria eta Prentsaren Nazioarteko Institutua saria. Timek eta CNNk egindako aukeraketaren arabera, bere ontziko liburua munduko 25 onenen artean dago.
Osotara, fundazioak hamaika Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu 1998az geroztik, eta sarituen artean zeuden Dalai Lama, Nazioarteko Amnistia edo Manos Unidas eta azkena Jürgen Habermas pentsalari alemana.