Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Alberto Catalán, Eloísa Ramírez eta José Luis Goñi Sein zikloa aurkeztean

Ezkerretik eskuinera, Alberto Catalán, Eloísa Ramírez eta José Luis Goñi Sein zikloa aurkeztean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak mintzaldi-ziklo bat antolatu dute. Zikloan ustelkeria eta iruzurra aztertuko dira, politikan, enpresan kirolean eta publizitatean, ikuspuntu juridiko batetik. Zikloaren izenburua "Zuzenbidea ustelkeriaren eta iruzurraren aurrean" da. Ostegunean, urriaren 6an, hasiko da, Alejandro Nieto García katedradunak emango duen hitzaldiarekin: "Ustelkeria Espainiako sistema demokratikoan". Lau mintzaldiak Parlamentuaren egoitzan izango dira, denak 19:30ean, eta publikoarentzat irekita egongo dira.

Ziklo honen egitaraua gaur aurkeztu izan da, eta aipatu aurkezpenean parte hartu izan dute Alberto Catalánek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Eloísa Ramírezek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, eta José Luis Goñi Seinek, NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak eta zikloko koordinatzaileak. Hitzaldi ziklo honen antolaketa NUPen eta Parlamentuaren artean “interes komuneko kultura jarduerak” egiteko sinatu duten lankidetza hitzarmenaren barnean sartzen da. Jarduera horiek, funtsean, unibertsitateko ikasleen eta gizartearen “prestakuntzara” bideratuta daude. Aurreko edizioetan, krisi ekonomikoa edo gazteek politikarekin daukaten harremana izan dira ukitu diren gaiak.

Nafarroako Parlamentuan izango diren mintzaldiez aparte, hizlariek Nafarroako Unibertsitate Publikoan izango diren mahai-inguruetan hartuko dute parte, unibertsitate komunitateko ordezkariekin batera.

Ustelkeria politikan, enpresan, kirolean edo publizitatean

Zikloaren helburua da gaurko gizartean ematen den ustelkeriaren fenomenoa aztertzea; izan ere, inkesten arabera, ustelkeriarena da hiritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoetako bat. Egitarauan dauden lau mintzaldiak arazo honi buruz izango dira, baina arazoa lau eremutan aztertuz: politikan, enpresan, kirolean eta publizitatean. Gai honetan adituak direnek emango dituzte, eta lege-ordenamenduak ematen dituen babes-tresnak zeintzuk diren azalduko dute.

Zikloa bihar hasiko da, “Ustelkeria Espainiako sistema demokratikoan” izeneko hitzaldiarekin. Alejandro Nieto Garcíak, La Lagunako Unibertsitateko, Alcalá de Henareseko Unibertsitateko, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, emango du. Nieto, 1980. eta 1983. urteen artean, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko lehendakaria izan zen, eta une honetan pil-pilean dauden hainbat auzi juridikori buruz bibliografia oso zabala argitaratu du. Argitaratu dituen liburuen artean, hauek nabarmentzen ahal dira: “Corrupción en la España democrática”, “El desgobierno judicial”, “El desgobierno de lo público”, “El malestar de los jueces” edo “Los primeros pasos del Estado constitucional”. Azken obra honekin 1997ko Saiakera Sari Nazionala irabazi zuen.

Bigarren mintzaldia urriaren 26an izango da. Ponentea Miguel Díaz y García, Leongo Unibertsitateko Zuzenbide Penalaren katedraduna, izango da, eta izenburua, honako hau: "Dopinaren aurkako jazarpen penala, kirolean". Hizlaria aditua da gai honetan. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna den Adán Nieto Martínek emango du hirugarren hitzaldia, izenburu hau daukana: "Iruzurra negozioetan, eta pertsona juridikoen erantzukizun penala". Hitzaldi hau azaroaren 17an izango da.

Laugarren hitzaldia, azkena, publizitate maltzurrari buruzkoa izango da. Hizlaria Rafael Lara González izango da. Lara Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkataritza Zuzenbideko katedraduna da, eta Zuzenbide Pribatuko Saileko zuzendaria. Larak hainbat liburu eta azterketa egin ditu publizitateak eragiten dituen engainuei buruz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko lehendakaria izan da. Bere hitzaldiaren izena honako hauxe da: “Babes juridikoa publizitate maltzurraren aurrean”, eta abenduaren 15ean izango da. Hemen ikus daiteke zikloaren egitarau osoa: www.unavarra.es