Julio Lafuente Lopez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak aurrekontu egoera azaldu dio Unibertsitateko komunitateari, 2011an NUP finantzatzeko Nafarroako Parlamentuak onetsi baliabide ekonomikoetatik (61 milioi) Nafarroako Gobernuak 4 milioi murriztea erabaki eta gero. Aipatu kopurua Hezkuntza Departamentuek egingo ez duen gastuaren %50 da (alegia, 7,8 milioietatik 4).
Gaur egungo egoera ekonomikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak badaki “denok esforzua egin behar dugula”, baina halere errektoreak gogoratu du erakundeak badaramala lau urte herstura politikak aplikatzen eta, horren ondorioz, zailagoa da oraingo egoerari aurre egitea.
Jadanik murrizketek kalteturik izan diren jarduera eta proiektuen artean badira Unibertsitateko komunitate osoa ukitzen duten ekimenak. Batzuk gelditu dira eta beste batzuk heldu den urterako utzi izan dira. Ondoko hauek dira adibide batzuk: ikerketa taldeen finantzaketa, irakaskuntza testuen erosketa, sare informatikoaren eguneratzea, aurredoktoretza bekak, ikasleendako lankidetza bekak, irakaskuntzarako ekipamendua edo ikasleen elkarteetarako dirulaguntzak.
Murrizketa hau 2012an zehar kontsolidatuko balitz, “ezingo genioke aurre egin nafar gizarteak eskatzen digun eginkizunari, kalte larririk izan gabe”, esan du Lafuentek.