Joan eduki nagusira

zoom Óscar Martín Martín.

Óscar Martín Martín.

Óscar Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkaturatzea eta Merkatuen Arloko irakasleak parte hartu duen ikerketa lan batek AEBetan Academy of Management erakundearen biltzarrean eman den sari bat irabazi du. Ikerlan hori Uppsalako Unibertsitateko (Suedia) Francesco Ciabuschi eta Henrik Dellestrand irakasleekin batera aurkeztu du. Ikerlanean enpresa multinazionalei buruzko bi teoriaren aurreikuspenak aurrez aurre jartzen dira garapenaren eta berrikuntzen bestetaratzearen testuinguruan; izan ere, bi prozesu horiek gakotzat hartzen dira lehiakortasun abantailak sortzeari eta eusteari dagokionez, eta mota honetako erakundeen garapenari dagokionez.

Saria berriki eman zuten San Antonion (Texas, AEB), Academy of Management erakundearen urteko topaketaren 71. edizioan. Zuzendaritzari eta erakundeei buruzko ezagupenak sortzen eta ugaltzen jarduten duen elkarte profesional nagusia da Academy of Management. Academy of Management 1936. urtean sortu zen eta sektore horretako elkarte akademiko zaharrena eta handiena da munduan eta, gaur egun, 19.000 kidetik gora ditu 105 herrialdetan.

"The Robert H. Schaffer Award for the Best Paper in Applied International Management" saria nazioarteko enpresa kudeaketa aplikatuari buruzko lan hoberenari ematen zaio. International Management Division erakundeak biltzarrean aurkezteko onartzen dituen ikerketa aplikatuko artikulu guztien artetik, erakundeak lau finalista aukeratzen ditu eta International Management Division erakundeko Ikerketa Batzordeak artikulu irabazlea aukeratzen du ikuskapen anonimo baten bidez.

Nazioarteko filialen autonomia eta berrikuntza

Irabazi duen ikerlanean ondorioztatu da kanpoko negozioen sareko filialen elkarreragina eta mendekotasuna zenbat eta handiagoa izan, eta erabakiak hartzerakoan zenbat eta indepententeago izan multinazionalarekiko, orduan eta berritzaileagoak direla; eta zenbat eta berritzaileagoak izan, gehiago dutela bestetaratzeko multinazionalaren beste filialei. Hala ere, kanpoko negozioen sareek eta autonomiak berez ez dakarte filial horrek berrikuntza gehiago bestetaratzea multinazionalaren beste filialei. Emaitzek osotasunean oinarri enpirikoa eskaintzen diote enpresa multinazionalen teoria ebolutiboaren hainbat alderdi gakori.

Oscar Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkaturatzea eta Merkatuen Arloko irakaslea da, Uppsala Unibertsitateko (Suedia) ikertzaile elkartua, eta NUPeko Marketineko ikerketa taldeko kidea. Gainera, ikertzaile eta irakasle bisitaria izan da honako herrialde hauetako unibertsitateetan: Kanada, AEB, Frantzia, Hungaria, Lituania, Erresuma Batua, Suedia eta Turkia. Bere ikerketa lanak nazioarteko negozio eta marketin gaiei buruzko hiru multzo dituzte ardatz: enpresaren nazioartekotzea, jatorrizko herrialdearen eta garapenaren arteko eragina, eta berrikuntzen bestetaratzea enpresa multinazionaletan. Bere lanak argitaratu dira honako aldizkari hauetan: Journal of International Business Studies, Journal of Management Studies, International Business Review eta International Marketing Review; eta nazioarteko liburuetako hainbat kapitulutan eta biltzarretako aktatan. Karreran zehar hiru "Best Paper Awards" jaso ditu nazioarteko biltzarretan.