Joan eduki nagusira

zoom Eloísa Ramírezek, eskuinean, eta Fernanda Esparzak izenpetu dute hitzarmena eguna aurkeztu den ekitaldian

Eloísa Ramírezek, eskuinean, eta Fernanda Esparzak izenpetu dute hitzarmena eguna aurkeztu den ekitaldian

450 lagun baino gehiago parte hartzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ari den Garun-Paralisiaren I. Egun Nazionalean. ASPACE konfederazioak eta Nafarroako ASPACEk bultzatu dute ekimena, garun-paralisiaren taldea ezagutu, erakutsi, inplikatu eta kohesionatzeko helburuarekin, baita aukera-berdintasuna erreibindikatzekoa ere, hezkuntzan, enpleguan edo aisialdian. I. Egun Nazional honetan gai hauek hartuko dira aintzat, besteak beste: sentsibilizazioa, lan-txertaketa, aisialdia, bizitza independientea eta norberaren autonomia. Egun honen hasierako ekitaldia gaur arratsaldean izango da, Sarioko Fernando Remacha Ikasgelan, eta urriaren 1era arte, bihar larunbatera arte, alegia, luzatuko da.

Egun honen edukia prentsaurreko batean aurkeztu da. Prentsaurreko horretan Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreorde Eloísa Ramírez, ASPACE konfederazioko zuzendari kudeatzaile Andrés Castelló, Nafarroako ASPACEko lehendakari Luis Antonio Gómara eta zuzendari nagusi Fernanda Esparza, Ipsen Pharmako erakunde-harremanetako zuzendari Gloria Tapias, eta Medirest enpresako Giza Baliabideen zuzendari Jaime Pérez aritu dira.

Aurkezpen honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu du Nafarroako ASPACErekin, Garun-paralisiaren I. Egun Nazionala egingo dela eta Nafarroako ASPACE sortu zenetik 40. urtemuga bete dela ospatzeko. Hitzarmen honetan, NUPek adierazten du bere funtzioetako bat dela desgaituak gizarteratzea helburu duten ekintzak bultzatu eta garatzea, eta ASPACE bezalako erakundeek ordezkatzen dituzten balioen sustapenean tinko jarraitu behar duela.

Ekitaldi instituzionala eta I. ASPACE Sariak

Gaur arratsaldean izango da Egunaren hasiera-ekitaldia. Honako hauek egongo dira ekitaldi honetan: Iruñeko alkate Enrique Maya, Menpekotasunerako Nafarroako Agentziako zuzendari-kudeatzaile Concepción Puyo, ASPACE konfederazioko lehendakari Jaume Marí, Nafarroako ASPACEko lehendakari Luis Antonio Gómara, eta Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreorde Eloísa Ramírez. Ondoren, bi mahai-inguru izango dira, sentsibilizazioari buruz eta lan-txertaketari buruz.

Larunbateko programan asialdia, denbora librea eta komunitatean integratzea aintzat hartzen duten ponentziak izango dira, baita bizitza indenpendienteari eta norberaren autonomiari buruzko mahai-inguru bat ere. Garun-paralisiaren I. Egun Nazionaleko ekitaldi instituzionala 12:00etan hasiko da, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Yolanda Barcinak, emango dio hasiera. Ondoren, honako hauek izango dira parte-hartzaileak: ASPACE konfederazioko eta Nafarroako ASPACEko lehendakariak, ONCE Fundazioko zuzendari nagusia, José Luis Martínez Donoso, Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeko (CERMI) lehendakaria, Luis Cayo Lara, eta NUPeko errektoreordea, Eloísa Ramírez.

Ondoren, ”I. ASPACE Sariak, Ipsen Pharma Fundazioaren lankidetzarekin” banatuko dira, eta Konfederazioak, ekitaldi honi begira, egin duen Argazki Lehiaketako lehen ediziokoak. Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika eta Kontsumoko zuzendari nagusia, José Javier Monzón, izango da I. ASPACE Sariak banaketa-ekitaldiko burua. Gero, garun-paralisia edo antzekorik daukaten pertsonen eskubideen aldeko manifestua irakurriko da.