Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Diana Calatayud, Alfredo Pina, Josune Urzainki eta Nazioarteko Harremanetako eta Lankidetzako errektoreorde Javier Casalí.

Ezkerretik eskuinera, Diana Calatayud, Alfredo Pina, Josune Urzainki eta Nazioarteko Harremanetako eta Lankidetzako errektoreorde Javier Casalí.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak errealitate birtual, errealitate handiagotu eta eragin-truke aurreratuko teknologiak garatu eta aplikatzeko proiektu europar bat koordinatuko du. Latinoamerikako 8 unibertsitatetako eta Europako 4 unibertsitatetako hainbat ikertzailek osatzen dute Alfa Gaviota Proiektua (Bistaratze Orientaturako Talde Akademikoak Teknologia Egokiekin), eta aurrekontua 1,2 milioikoa da. Datorren azaroan, Arrosadiko campusean, nazioarteko sarearen topaketa bat izango da, eta lehen proiektuak aurkeztuko dira.

Errealitate birtuala ordenagailuetan eta beste hainbat gailutan erabiltzen den sistema teknologikoa da, errealitate-itxura bat erreproduzitzen duena. Hasieran bideojokoetan aplikatu zen, baina gaur egun beste hainbat alorretan ere erabiltzen da, medikuntzan edo hegaldatze-simulazioetan, kasurako. Errealitate handiagotua deiturikoak, bere aldetik, ez du errealitate fisikoa ordezkatzen, baina datu birtualak gaineratzen dizkio informazio fisiko zehatz bati, hainbat gailuren erabileraren bidez. Teknika honen aplikazio garrantzizkoak erabiltzen ari dira, dagoeneko, museoetan, jolas-parkeetan, bideojokoetan edo eraikin historikoen eraikinak berreraikitzean.

Alfa Gaviota proiektuak alor honetan lan egiteko asmoa dauka. Proiektuak hiru urteko iraupena izango du. Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak zuzenduko du, NUPeko sail hauekin lankidetzan: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila, Automatika eta Konputazio Saila, Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saila eta Hezkuntza-Berrikuntzaren Arloa. Helburua da unibertsitateen arteko eremuko sare bat tinkotzea, eta emaitzak enpresen mundura eta gizarteari hurbiltzea. Hori guztia ekipamendua erosiz, aplikazioak inplementatuz, nazioarteko sei lantegi antolatuz eta truke akademikoa bultzatuz. Europako Batzordeak onetsi zuen proiektua, aurtengo urtarrilean. Aurrekontua 1.191.694 eurokoa da, eta horietatik, komunitateak 913.444 euro jarriko ditu.

Bederatzi herrialdetako Unibertsitateak

NUPez aparte, unibertsitate parte-hartzaileak honako hauek dira: Zaragozako Unibertsitatea, University of Applied Sciences Wuerzburg (Alemania), Portoko Institutu Politeknikoa (Portugal), Belgranoko Unibertsitatea (Buenos Aires, Argentina), Sain Luiseko Unibertsitate Nazionala (Argentina), Santa Cruz de la Sierrako Unibertsitate Pribatua (Bolivia), Pelotaseko Unibertsitate Federala (Brasil), Universidade do Vale do Río dos Sinos (Brasil), Bio-Bioko Unibertsitatea (Txile), Honduraseko Unibertsitate Teknologikoa (Honduras) eta Repúblicako Unibertsitatea (Uruguay).

Proiektu honetan, unibertsitate bakoitzak, sareko gainerako kide guztiekin lankidetzan, konpromisoa hartzen du diziplina hauek lantzeko aplikazioak garatzeko. Aurten eta datorren urtearen hasieran, kostu txikiko laborategiak martxan jarriko direla pentsatu da. Honela, irakasleak prestatuko direla espero da, eta argitalpenen bidez material didaktikoa sortuko dela ere bai. Alfa Gaviota proiektuak nahi du, halaber, sortzen dituen ezagutza berriekin gizarte zibileko talde baztertuen tokian tokiko garapen iraunkorra bultzatzea.

NUPek koordinatzen du proiektua, esan den bezala, eta zehatz esanda, Alfredo Pina, Lengoaia eta Sistema Informatikoetako irakaslea da arduraduna. Berarekin batera “Teknologia eta Aplikazio Informatikoak Lankidetzako Inguruetarako” ikerketa taldeko Oscar Ardaiz eta Luis Diaz de Cerio irakasleak aritzen dira. Diana Calatayudek osatzen du ekipoa, bera baita kudeaketaz eta koordinazio akademikoaz arduratzen dena.

Errealitate handiagotuaren aplikazioak: Museoak, ondarea edo hezkuntza

Proiektu honetan parte hartzen duten unibertsitateak aspaldi ari dira lanean errealitate birtualaren eta errealitate handiagotuaren aplikazioetan, hainbat alorretan. Praktikan jartzen hasi direnetako bat, museotan jarri den gailu bat da, errealitate birtualarekin edo errealitate gehiagotuarekin eragin-trukean jartzea posible egiten duena. Honela, hainbat gailuren bidez (betaurrekoak edo pantailak), erabiltzaileak informazio osagarria lor dezake ikusten ari den artelanei buruz.

Ondarearen itzulketa eta balioa handitzea da beste lan-lerro bat. Horretan arkitektoak eta informatikariak ari dira elkarrekin, era koordinatuan. Adibidez, teknika honekin harresi bat berreraiki daiteke birtualki, 3D itxuran, gero errealitateko harresian jatorrizko elementuak gaineratzeko.

Sareak hezkuntzari buruzko ekimenak ere martxan jarri nahi ditu. Horrelakoa da, esaterako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatzen ari den proiketua. Eragin-trukerako mahai bat da, komunikazio nahasteak dauzkaten haurrentzat pentsatua, Anfas eta Isterriaren laguntzarekin ikertzen ari dena. Helburua da haurrak inguruarekin eragin-trukean ari daitezela, mahaiak ezagutzen dituen markatzaileekin programatutako roboten bidez.