Joan eduki nagusira

Interneteko protokolo berrira (IPv6) igarotzeko prestakuntza jardunaldi bat egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan irailaren 30ean. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak antolatu du jardunaldia Interneteko Protokolo berrira igarotzeko Espainiako Gobernuaren Planaren barnean, eta Jordi Palet Ipv6 protokoloko mundu mailako aditu entzutetsuak eta protokolo horren estandarizaziorako dokumentu askoren egileak emango du. Jardunaldia Sario eraikineko 04. ikasgelan egingo da 9:30ean, eta doakoa da, baina interesdunek aldez aurretik erregistroa egin behar dute http://www.6deploy.eu/workshops2/eventos.php helbidean.

Ipv6 Interneteko protokoloaren bertsio berria da, eta bertsio berri honek konpontzen du orain dagoen protokoloak (Ipv4) duen arazoa, alegia, helbideak agortzea. Internet edozein jarduera egiteko erabiltzen denean, posta elektronikorako, webean nabigatzeko edo fitxategiak jaisteko, Interneteko Protokoloa (IP, Internet Protocol) izeneko protokoloa erabiltzen da sareko elementuen arteko komunikazioan. Azken urteetan, Internet merkataritza kontuetarako erabiltzen denetik ia, protokolo honen 4 zenbakidun bertsioa erabili da (IPv4).

Ipv4 bertsioa diseinatu zenean, ez zuen ematen halako arrakasta komertziala izango zuenik. Izan ere, erabiltzaile eta gailuen kopurua hainbeste handitu zen, non hilabete gutxiren buruan agortu baitziren helbide hauek. Arrazoi hori dela eta, Interneteko protokoloak estandarizatzeko ardura duen organismoak (IETF, Internet Engineering Task Force) Interneteko Protokoloaren bertsio berri bat prestatzen aritu da azken urteetan. Bertsio berri horrek 340 sextilloi helbidetarako ahalmena du.

IPv6 bertsioa pixkana-pixkana zabalduko da. Hasieran IPv4 bertsioarekin batera erabiliko da, baina, bezero-gailuak, sare-ekipoak, aplikazioak, edukiak eta zerbitzuak Interneteko protokoloaren bertsio berrira egokitu ahala, aipatu Ipv6 bertsioa izango da erabiliko den bertsio bakarra.

NUPen egingo den jardunaldian, IPv6 bertsiorako sarrera egingo da eta bertsio horren eta IPv4 bertsioaren arteko desberdintasunak, oinarrizko xehetasun teknikoak eta bertsio berrira igarotzeko eta lehengo bertsioarekin batera erabiltzeko mekanismoak azalduko dira, bai eta ordenagailuekin praktikak egin ere. Jardunaldia enpresetako zuzendaritzako kideei, sare eta sistema administratzaileei eta aplikazioak garatzen dituztenei zuzentzen zaie, eta saiora ordenagailua eramatea aholkatzen da.

Jardunaldi hauek Espainiako 20 hiritan egingo dira 6DEPLOY proiektuarekin izandako lankidetzari esker. Europako Batzordeak finantzatzen du proiektua, eta proiektu horretan parte hartzen du Consulintel enpresak. Hain zuzen, enpresa horrek IPv6 protokoloa mundu guztian zabaltzeko prestakuntzan laguntza ematen du.