

Du Li zuzendariordeak opari bat erakusten du, Julio Lafuentek (eskuinean) eskainitako harreran jaso duena.
Txinako Jilin Unibertsitateko ordezkaritza batek bisita bat egin du gaur asteartean Nafarroako Unibertsitate Publikora kolaborazio prozesu bat hasteko asmoz irakaskuntza, ikerkuntza eta ikasle eta irakasleen mugikortasun arloetan. Bi unibertsitateek joan den maiatzean lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten irakaskuntza, ikerketa edo ikasleen eta irakasleen truke gaietan proiektuak elkarrekin garatzeko xedez. Geroztik, NUPek bi hitzarmen zehatz adostu ditu Jilingo Unibertsitatearekin. Lehenbizikoaren bidez, unibertsitate bakoitzeko graduko edo graduondoko hiru ikasleri truke programetan parte hartzeko aukera ematen zaie.
Jarduna harrerarekin hasi da Julio Lafuente López errektorearen bulegoan. Ondoren, lan bilera egin da eta hainbat lankidetza lerro aztertu dira irakaskuntza, ikerketa edo ikasleen truke gaietan. Bilera hori Errektoretza eraikineko Jaime Brunet Aretoan egin da, eta parte hartu dute Alfonso Carlosena eta Javier Casalí Ikerketako eta Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeek, hurrenez hurren, NUPeko fakultate eta ikastegietako dekanoek eta zuzendariek, eta Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko ordezkaritza batek.
Ordezkaritzak Unibertsitateko presidenteordea, Du Li, buru zuen eta harekin barera honako hauek etorri dira: Li Junjiang Ekonomisten Elkargokoa, Zhang Yishan Negozio Eskolakoa, Zhan Yu Atzerriko Hizkuntzen Eskolakoa, eta Yan Guosheng Finantza Departamentukoa. Jilingo Unibertsitateko ordezkaritza Bu Tiejun Nazioarteko Harremanetako zuzendariarekin, eta Cui Yueqin unibertsitateko egunkariko idazkuntza buruarekin osatu da. Harrera ofizialean egon dira baita 2011-12 ikasturterako truke programan parte hartuko duten hiru ikasle txinatarrak ere.
Mintzagai izandu den proiektuetako bat Nazioarteko Merkataritza Masterra-Master of International Trade ikasketan izan da. NUP joan den ikasturtean hasi zen ematen titulu bereki hori eta Txinaren eta Latinoamerikaren arteko merkataritza harremanetan espezializatu da. Graduondo hau honako beste unibertsitate hauekin batera eskaintzen da: Atzerriko Ikasketen Unibertsitatea Guangdong (Txina), College of Continuing Education, Tongji University (Txina) eta Hunan College of Foreing Studies (Txina).
Jilingo Unibertsitateko ordezkaritzak, halaber, ikusi du Txinatar Ikasketei buruzko Nafarroako Sareak egiten duen lana. NUP eta Gizarte Ikerketak Sustatzeko Institutua (IPES) Fundazioa dira sareko buruak eta Foru Erkidegoaren eta asiar erraldoiaren arteko mota guztietako harremanak sustatzea da helburua.
60.000 ikasletik gorako unibertsitatea
Jilingo Unibertsitatea Txinako unibertsitate ospetsuenetako bat da. Txinako iparmendebaldean dago Changchun hirian, Jilin probintziako hiriburuan. Unibertsitate honek zortzi campus ditu, eta bost milioi eta erdi metro karratutik gora hartzen dute guztira. Beren irakaskuntza eskaintzan 120tik gora gradu titulu, 285 master programa eta 195 doktoretza programa eskaintzen dira. Jilingo Unibertsitatea 43 ikastegitan egituratzen da, eta hamabi irakaskuntza diziplina ematen dira; horien artean filosofia, ekonomia zientziak, zientzia juridikoak, literatura, hezkuntza, historia, zientzia eta ingeniaritza. 2009-2010 ikasturtean 62.000 ikasletik gora matrikulatu ziren unibertsitate hartan.