Nafarroako Unibertsitate Publikoak irekiko du, datorren astelehenetik, abuztuaren 29tik, Graduko bigarren eta hirugarren ikasmailetako ikasleentzako matrikula epea, baita titulazio zaharretako lehen eta bigarren ziklokoentzat ere. Bi kasuetan, matrikula NUPeko webgunearen bidez (www.unavarra.es) egin behar da. Webgunean bertan ematen dira, halaber, matrikula behar bezala osatzeko argibideak.
Graduko ikasleen kasuan, 2011-12 ikasturteko lehen seihilekoko izen ematea egin ahal izango da abuztuaren 29ko, asteleheneko 9:00etatik abuztuaren 30eko 14:30era arte. Abuztuan zehar, ikasleek gutun bat jaso dute beren etxeetan, esanez zer egun eta ordutatik egin ahalko duten matrikula, baita zein duten automatrikula programan sartzeko pasahitza ere. Unibertsitateak Arrosadiko campuseko ikasgelategiko 017. gela, ordenagailuen gela alegia, irekiko du, abuztuaren 29an eta 30ean, 9:00etatik 13:30era arte, Internetekin konexiorik ez daukaten pertsonentzat. Zalantzak eta kontsultak egiteko, idatzi grado@unavarra.es posta elektronikora 8:30etik 14:00etara, edo deitu 948 169096/ 948 168411 telefonoetara.
Matrikula egin eta gero, ikasleek hamar eguneko epea edukiko dute dokumentazioa NUPera bidaltzeko, dela Administrazio eta Kudeaketa eraikinera joanez, dela postaren bidez. Zehatz esanda, matrikularen ordezkagiria bidali beharko dute, edo salbuetsita daudela edo matrikula-murrizketa daukatela frogatzen duen agiria. Denbora ez osoko ikasleek eskaera eta Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren agiria aurkeztu beharko dituzte.
Titulazio zaharretako lehen eta bigarren zikloetako ikasleek abuztuaren 30eko 8:30etik irailaren 2ko 14:00ak arte gauzatu beharko dute beren izen-ematea. Graduetako ikasleek bezala, hauek ere gutun bat jaso dute pasahitzarekin eta eragiketa noiztik hasi ahalko duten esanez, eta Unibertsitatean automatrikula egiteko, 017. ikasgelako ordenagailuak erabiltzen ahalko dituzte. Mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleek sartu beharko dute, gero NUPera bidali behar dituzten agirien artean, Ikasketa Konpromisoa izenarekin ezagutzen dena.
2011-12 ikasturteko hasiera
2011-12 ikasturteko hasiera datorren irailaren 2an, ostiralean, izango da, Graduko lehen ikasmailako ikasleen harrera-ekitaldiarekin. Graduko gainerako ikasleek eta titulazio zaharretako lehen eta bigarren zikloetako ikasleek datorren irailaren 5ean, astelehenean, hasiko dituzte eskolak.