Joan eduki nagusira

zoom Carmen Bravo Sueskun, tesiaren egilea

Carmen Bravo Sueskun, tesiaren egilea

Carmen Bravo Sueskunek, NUPen irakurri duen doktoretza tesian, Nafarroako emakumeak XX. mendeko 1960. eta 1990. urteen artean eduki duen papera aztertu du: gizarte mugimenduetan egindako lana, espazio publikoaren betetzea eta lan eta politika arloan parte hartu ahal izateko aktibismoa. Doktoretza tesi honek bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Tesiaren egilearen arabera, “Nafarroan mugimendu feministak izaera soziala eduki zuen” eta “Nafarroako klase politikoak, eskuinekoa, zentrokoa, progresista, ezkerrekoa, nazionalista kontserbadorea edo nazionalista erradikala izan, demokraziaren lehen hamabost urteetan, bizkarra eman zion generoaren aldetik parte hartzailea izango zen gizartea eraikitzeari, ez zuelako aintzat hartu hiritarren % 51 osatzen zuen gizarte-errealitatea, emakumeak alegia".

Doktoretza tesiaren izenburua “La participación social y política de las mujeres en Navarra: de la domesticidad a la emancipación (1961-1991)” da. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Geografia eta Historia Saileko Juan Madariaga Orbea irakasleak zuzendu du. Ikerketaren abiapuntua ideia hau da: "parte hartze horrek ekarri zuen estrategia orokorra, hainbat ekintza politikorekin, berdintasunaren helburuak lortzeko”. Lana dokumentazio-iturrietan (emakumeen historiari buruzko azterketen bibliografia, bertako prentsaren analisia, emakumeen paperari buruzko berriak), Nafarroako gizartean funtsezkoak izan ziren emakumeei egindako elkarrizketetan, irudi eta ikonografian, elkarteen, hauteskunde programen, mobilizazio deialdien eta abarren bilaketan oinarritu da.

“Emakumeak gizarte-arlo guztietan sartzeak ekarri zuen aldaketaren eragile nagusiak emakumeak berak dira -dio Carmen Bravok-. Hala ere, Nafarroan, aldaketa historiko hori 1970eko hamarkadaren erdira arte ez zen gertatu, nahiz eta hazkunde industrial eta ekonomikoa 1950eko hamarkadaren bukaeran hasi". Ikerketak nabarmen uzten, aitortzen eta bere baitan hartzen du, aldaketa soziala lagundu zuen langileen borrokan, emakumeek eduki zuten parte hartzea.

Elkartegintza eta eremu publikoa

Tesiak aintzat hartzen du, baita ere, paper sozial eta kulturaletan, ohituretan eta azturetan gertatu ziren aldaketak, eta horien artean nabarmentzen du neskek uko egin ziotela Iruñeko peñetako "erreginak" izateari, eta jaiaren espazio publikoa bereganatu zutela. Emakumeen elkartegintzari dagokionez, lanak aitortzen du "elkartegintza katolikoak indarra eduki zuela, eta herri klaseetako emakumeak prestakuntza bultzatzearekin lotuta egon zela, Nafarroako Familia eta Gizarte Prestakuntza Zentroen bidez".

Egilearen arabera, Nafarroako mugimendu feministak izaera soziala eduki zuen eta mugimendu autonomoa izan zen; bere ustez, ezberdintasunaren feminismoarekin lotuagoa dago, berezko erakunderik eta berdintasunaren aldeko politikarik ez zegoelako. “Nafarroan, Emakumeen Nazioarteko Eguna zela-eta, hamalau urteko tartean (1977-1991), emakumeen mugimenduak aldarrikatu zituen leloak, erreibindikazioak eta salaketak, emakumeen gizarte-mobilizazioen erakusgarri aparta dira. Hori dena, beren berdintasunaren aldeko eta bazterkeriaren aurkako aldarriak agenda publikoaren parte izan zitezen".

Lanak beste arlo batzuk ere hartzen ditu bere baitan, esaterako bortxakeria matxistaren aurkako borroka, eta abortuaren defentsa "Nafarroan mugimendu feministak eduki zuen beste borroka-ardatz funtsezkoa izan zena". Hau gizartean ikusgarri egin zen emakumeek 1979. urtean Iruñeko Udaletxean egin zuten itxialdia gertatu zenetik. Itxialdia abortua egin zuen emakume baten hilketagatik izan zen, eta Familia Orientazioaren eta Sexu Heziketaren Zentroen alde”.

Azkenik, tesiak emakumeen parte hartze eta ordezkaritza sindikal eta politikoa aztertzen du. Azpimarragarria iruditzen zaio emakumeek lan merkatuan eduki zuten parte hartzea eta ordezkaritza, “aztertutako aldian handiagotzen dena, nahiz eta, gizonezkoekin alderatuta, hauek txikiagoak diren”.

Emakumeek kargu publikoetan parte hartzeari dagokionez, 1979ko Foru Parlamenturako hauteskundeetan gizonezkoen lidergoa berretsi zen (% 98,57). Tesiak tokian tokiko politikak emakumeen parte hartzea errazten duelako mitoa desegiten du, Nafarroan gutxienez; izan ere, 1991. urtean zinegotzien % 12 baizik ez ziren emakumezkoak, eta alkateen % 6. Eta 1989. urtera arte emakume batek ez zuen lortu diputatua izatea. PSNko zerrendetan aurkeztu zen.

Carmen Bravo Sueskun Geografia eta Historia lizentziaduna da UNEDen, eta Historia Garaikidean doktorea NUPen. Comisiones Obreras sindikatuko fundatzaileetakoa da, eta Nafarroako Koordinadora Feministakoa. Aipatu sindikatu horretako zuzendaritza kargu batzuk bete ditu Foru Komunitatean. Gaur egun CC.OOko Emakumeen Idazkaritza Konfederaleko idazkaria da, eta Espainiako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kontseilaria. Hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditu unibertsitateetan, genero eta berdintasun politiketan aditua baita; bestalde, hainbat argitalpen egin ditu eta artikuluak argitaratu ditu hainbat aldizkari eta bildumetan.