Joan eduki nagusira

zoom Aitor Marroquin, ezkerretik lehena, Erresuma Batuko aldia irabazi zuela egiaztatzen duen agiriarekin

Aitor Marroquin, ezkerretik lehena, Erresuma Batuko aldia irabazi zuela egiaztatzen duen agiriarekin

Hamazazpi herrialdek parte hartu zuten CIMA Barclays Global Business Challenge lehiaketan, Txinan, uztailaren bukaeran. Txapelketa hau mundu mailakoa da eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago. Eskoziako Abertay unibertsitateko lau ikaslek osatutako talde batek ordezkatu zuen Erresuma Batua, eta talde horretako partaideetako bat Aitor Marroquín Fernández zen, NUPeko ikaslea berau. Ikasle honek han egin du Nazioarteko EAZLko azken urtea, bi unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmen bati esker.

Chartered Institute of Management Accountants (CIMA) delakoak antolatu du lehiaketa. Mundu osoko 2.135 taldek hartu dute parte, eta horietatik 17 talde (bat herrialde bakoitzetik) azken probetara iritsi ziren. Aitor Marroquinen taldean beste hiru ikasle zeuden: bi aleman eta lituaniar bat. ”Eskoziako unibertsitatean ezagutu genuen elkar, eta hainbat eskolako lan elkarrekin eginda geunden, beraz programako koordinatzaileak CIMA lehiaketa honi buruzko informazioa eman zigunean, parte hartzea erabaki genuen", adierazi du. Londreseko azken nazionaletara iristea lortu zuten, eta han lehen postua lortu zuten. Horregatik Txinan egin ziren azken probetara joan ziren, Erresuma Batua ordezkatuz.

“Lehiaketan eman ziguten fikziozko enpresa bati gertatzen zitzaion kasu zehatz bat, bere arazo eta aurrera ateratzeko proposamenekin; esaterako, dendetako horniketa nabarmen ukituko zuen banaketa-bidean zegoen arazo bat aztertu behar genuen. Guk egoera aztertu behar genuen, analisi finantzarioen eta merkatu-analisien bidez, enpresari laguntzeko, gomendioak emanez eta kasuaren txosten xehea prestatuz". Erresuma Batuko bost txosten onenak Londreseko finaletara iritsi ziren. Han, aukeratutako taldeek aurkezpen-bideoa egin behar zuten, gero txostena ahoz aurkeztu (20 minutu) eta azkenik epaileen galderak erantzun behar zituzten.

“Epaileek uste izan zuten gure txostena sendoa zela eta aurkezpena oso sinesgarria, eta orokorrean, iruditu zitzaien oso talde batua osatzen genuela, edozein galdera erantzuteko gauza eta gure ezagutzei buruzko irudi sendoa emateko gai". Erresuma Batuko azken proba irabazi eta gero, Aitor Marroquínen taldeak garaikurra, egiaztagirak eta arropa-marka ezagun bateko erosketa-txartela irabazi zituen, eta gainera Txinarako bidaiako gastu guztiak ordaindu zizkieten.

Esperientzia ahaztezina

Aitor Marroquín arestian itzuli da Txinatik, non joan diren uztailaren 24 eta 25ean lehiaketaren azken fasea jokatu baitzen. “Ordezkaritza zeukaten 17 herrialdetatik, lehen sei taldeak baizik ez ziren finalera pasa -gogoratzen du-. Talde guztien maila oso handia zen. Zoritxarrez, gu ezin izan ginen sartu azken final horretan, nahiz eta epaileek esan oso hurbil ibili ginela”.

Esperientzia “ahaztezina izan da”, adierazi du. Txinarako bidaian Shanghai, Chendgu eta Hong Kong bisitatu zituzten, mundu osoko beste hainbat taldetako zuzendari, profesional eta kide ezagutu zituzten, Txinako banketxe handienetako lehendakariek eman zituzten hitzaldiak entzutera joan ziren eta Hong Kongeko Barclays bankuaren bulegoak bisitatu zituzten, "non enpresan lanpostu bat eskatzera gonbidatu gintuzten", pozik gogoratzen duenez.

Aitor Marroquinek aitortzen du harro egoteko modukoa iruditzen zaiola Erresuma Batua munduko finalean ordezkatu duen taldekoa izatea, eta uste du, gainera, esperientzia lagungarria izango zaiola etorkizun profesionalean. “Arrakastaren zati bat, zalantzarik gabe, NUPen egiten ari naizen Nazioarteko EAZL programari zor diot. Benetan nazioartekoa den ikuspegia lortzen lagundu dit. Oso pozik nago urruti iritsi naizelako. Niretzat esperientzia ahaztezina izan da”.