Joan eduki nagusira

zoom Logroñoko Autodefearen irudia, Burgosen 1611n inprimatua

Logroñoko Autodefearen irudia, Burgosen 1611n inprimatua

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Huarte de San Juan, Geografía e Historia, aldizkariaren beste ale bat argitaratu du eta, oraingoan, ”Inkisizioa eta Zugarramurdi” gaiari buruzko dosier bat jasotzen du. Zortzi artikuluren bidez, hainbat egilek beren ikerketen berri ematen dute honako gaiei buruz: inkisizioaren jarduketak, sorginkeria Nafarroan, hainbat epaiketa eta sorginak sutan erre zituztenekoak, eta Alonso de Salazar y Frías inkisidore ospetsuaren irudia, esaterako.

“Fragmentos de incunables hebreos en documentos inquisitoriales del Tribunal de Calahorra-Logroño” artikuluarekin hasten da dosierra. Egileak Javier del Barco del Barco eta Ignacio Panizo Santos dira, eta Arronizko bikarioaren aurka 1561ean egindako epaiketan hebraierazko hizkiez idatzitako pergamino bati buruzkoa da.

Jarraian, Laura Alvarado Suárezen artikulua “El sentido moral y entorno social en la construcción de la personalidad de un inquisidor: Alonso de Salazar y Frías”, Inkisizioko Kontseilu Goreneko kideari buruz. “Inork ez du zalantzan jartzen Zugarramurdiko sorginen epaiketa garai hartako handienetako bat izan zela, eta Alonsok salaketak bilduz, haiek kontuan hartuz eta bere oroitidazkietan jasoz egin zuen lan xeheari esker, hirurehun lagunetik gora akusatuak izan zirela" dio egileak. Dioenez, bere lanak “ez du Salazar y Frías lizentziadunaren beste biografia bat izateko asmoa, ez eta 1610eko sorginen epaiketari buruzko beste azterlan bat ere, baizik eta inkisidorearen nortasunarenganako hurbilketa bat, beste agiri batzuen bidez”.

“Piedad popular, exorcismos y censura inquisitorial. La Oración de San Cipriano impresa hacia 1631” artikuluan Javier Itúrbide Díazek azaltzen du bere azterlana “Oración devotísima de San Cipriano” pleguaren argitalpen eta eduki eztabaidagarriari buruz; izan ere, oinarririk gabeko baieztapenez betetakoa, eta ortodoxia zalantzagarriko aipuekin, Inkisizioaren esku-hartzea eragin baitzuen, eta bertan azaltzen ziren inkongruentziak aztertu ondoren, argitalpena erretiratzeko agindua eman zuen 1634an”.

“Una relación inquisitorial sobre la brujería Navarra” da Eloísa Navajas Twose eta José Antonio Sáinz Varela ikertzaileek egindako artikulua. Artikuluak Sorginkeria, Nafarroako eta Euskal Herriko sorgin-ehiza handia eta Logroñoko Autofedea (1610) ditu ardatz: testuinguru historikoa eta harreman (aitorpen) haien esanahiak aztertzen dira, eta haietako bat oso-osorik azaltzen da. Egileek azaltzen dutenez, sorginkeria multzo baten aurkako Logroñoko epaiketak 1614. urtera arte luzatu zen sorginmania uholde handi bat ekarri zuen Nafarroara eta Euskal Herrira. “Epaiketa honek, gainera, sorginkeriaren fenomenoaren errealitateari buruz eztabaida luzea sorrarazi zuen Inkisizioaren barnean, eta inkisidore sinestunak inkisidore eszeptikoen aurka aurrez-aurre jarri zituen. Eztabaida horren ondorioz, autoritate eklesiastikoek utzi zioten sorginkeria jazartzeari eta justizia zibilaren alde inibitu ziren”.

“Las brujas de Ochagavía y sus documentos (1539-1540)” eta “La quema de brujas de 1507. Notas entorno a un enigma histórico” dira, hurrenez-hurren, Rocío de la Nogal Fernándezen eta Eudaldo Aranda Fernández-Cañadasen artikuluak. Lehenbizikoan, Calahorrako Inkisizioko Auzitegiaren eta Inkisizioko Kontseiluaren arteko gutunen bidez, Otxagin eta Saraitzu ibarreko beste herri batzuetan 1539ko hasieran sortu ziren sorginkeria multzoak aztertzen dira. Bigarrenean, hiru dokumentu-iturriren bidez, egiaztatzen da 1507an epaiketa bat izan zela Bizkaian eta hogeita hamar emakumetik gora sutan erre zituztela.

Ignacio Panizo Santosen eta Isabel Ostolaza Elizondoren “La censura inquisitorial de “Vasconiana” por dos monjes cistercienses de Fitero” lanean azaltzen da Vasconiana liburu frantsesaren ale bat aurkitu zela Fiteroko Monasterioko liburutegian eta, ondorioz, 1787an inkisizioaren zentsura espediente bat ireki zela. Azkenik, lan horren debekua egiten zuen ediktua egin zen 1789an, eta Liburu debekatuen zerrendan sartu zen. “Lan hau —azaldu dute artikuluaren egileek— Parisen inprimatu zen 1710ean, eta gaskoiei egozten zitzaizkien pasadizoak kontatzen ziren, baina Logroñoko Inkisizioaren auzitegiak enkargua eman zien bi monje zentsorek pasadizoetako batzuk libertinotzat hartu zituzten”.

Dosierra “Andanzas por España de un inquisidor a la moderna de raza nórdica”, Gustav Henningsen-en artikuluarekin amaitzen da. Egilearen autobiografia labur bat da, artikuluaren izenburua honela azaltzen duena: “Horrela aipatzen nau Julio Caro Baroja ospetsuak “Historia 16” aldizkarian argitaratutako artikulu batean, eta ezizenak harrotzen nauenez gero, aldizkari honek egiteko eskatu didan autobiografia labur honen izenbururako erabiltzea erabaki dut”. Danimarkako ikertzaile honi esker piztu da Alonso de Salazar y Frías inkisidorearenganako interesa. Ikertzaile lanetan egin zituen lehen urratsak herrialde nordikoen folkloreari eta herri-ipuinei buruz izan ziren, baina informazioa biltzeko elkarrizketa batean sorginei buruzko herri-siniskeriekin topo egin zuen. Hura izan zen bere doktoretza tesiaren hasiera, Espainian zorroztuz joan zena. Aipatu inkisidoreari buruzko dokumentazioaren aurkikuntzak, ondoren, Inkisizioari eta Logroñoko Auzitegiak sorginei egin zien epaiketa ospetsuari buruzko azterlanak egitera eraman zuten.


Beste artikulu batzuk


Huarte de San Juan aldizkariak Roldán Jimeno Arangurenen artikulua jasotzen du “Joxemiel Bidador (1970-2010): euskal kulturaren historialaria Nafarroan”, eta alea berari eskainita dago in memoriam. Gainera, “Navarra en el Archivo Histórico Nacional” dosierra eskaintzen da, gaiari buruzko hamar bat artikulurekin, eta “Navarra en la política de Gascuña desde finales del siglo XII hasta 1328” Susana Aparicio Rosilloren doktoretza tesiaren laburpen bat dago.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratu du Huarte de San Juan aldizkariaren 17. alea, eta salgai dago 22 eurotan.