Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaileak lanean IdABen instalazioetan, Arrosadiko campusean

Ikertzaileak lanean IdABen instalazioetan, Arrosadiko campusean

(IdAB) Agrobioteknologia Institutua Arrosadiko campusean dago, eta SCImagok berriki ezagutzera eman duen azterlan baten arabera, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSICeko) ikerketa zentroen batez besteko produktibitate zientifikoa gainditzen du. SCImago Zientziaren Ebaluazioan jarduten duen ikerketa talde bat da eta datu baseetan dagoen informazioa aztertu, adierazi eta ebaluatzen du.

Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Estatuko Agentzia Espainian ikerketan jarduten duen erakunde publiko handiena da eta Europan, aldiz, hirugarrena. Autonomia erkidego guztietan zehar dituen zentro eta institutuetan 12.000 langile dauzka; horietatik 3.000tik gora plantillako ikertzaileak dira, eta beste horrenbeste doktoreak eta prestakuntzan ari diren zientzialariak.

SCImagoren rankinaren datuek adierazten dute Produktibitate Zientifikoa —zientzia aldizkarietako argitalpen kopuruarekin neurtzen dena—, 2005-2009 urteen artean IdABek gainditu zuela CSICeko institutu guztien batez besteko kopurua. Nazioarteko Lankidetzan —beste herrialde batzuetako instituzioekin batera instituzio batek egin duen argitalpen zientifikoen ratioa—, rankinak % 66an jartzen du IdAB % 49,4ren aldean.

Gainera, Eragin Normalizatuan edo Batez Besteko kalitate Zientifikoan, Institutuak 1,6 puntu ditu, eta CSIC osoak, aldiz, 1,4 puntu. Horrek adierazten du IdABen eta CSICen egin diren argitalpen zientifikoek, hurrenez-hurren, % 60an eta % 40an gainditzen dutela argitalpen zientifiko batek (mundu mailan) hartzen dituen aipuen batez besteko kopurua. Azkenik, instituzio batek lehen laurdenean (munduko aldizkari ospetsuenen % 25en artean) dauden aldizkarietan argitaratu dituen argitalpenen ehunekoen datuak eskaintzen dira azterlanean. Horretan, IdABek % 86,5 dauka gainerakoen % 68,7ren aldean.

Rankin honetan bata bestearen ondoko bost urteko hiru aldiri buruzko datuak azaltzen dira: 2003-2007, 2004-2008 eta 2005-2009. Horietan guztietan, Agrobioteknologia Institutuak gainditu egin du CSICeko zentro guztien batez bestekoa.


Hamabi urtez jardunean


IdAB ikerketa zentro misto bat da, titulartasun mistoa duena: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, CSIC eta Nafarroako Gobernua. Bere ikertzaileen artean daude NUPeko irakasleak eta ikertzaileak, CSICeko plantillako ikertzaileak, kontratupeko ikertzaileak eta langile teknikoak. 1999ko uztailean sortu zen, bere ikerketa lerro nagusiak landareen bioteknologiarekin eta bioteknologia mikrobianoarekin lotuak daude.

Landareen bioteknologia bideratua dago laboreen ekoizpena eta kalitatea hobetzen laguntzen duten landareen metabolismoari buruzko maila zientifiko handiko ezagupenak sortzera, eta bestelako helburu bioteknologikoetara, esaterako, landareen erabilera interes bio-farmazeutikoa duten produktuak eta bioerregaiak sortzeko.

Bioteknologia mikrobianoari dagokionez, bideratua dago mikroorganismo (bakterioak eta birusak) patogenoen molekulak aztertzera, gizakien, animalien eta landareen gaixotasun infekziosoen prebentziorako edo tratamendurako estrategia berriak (txertoak, biointsektizidak, antimikrobianoak) garatzen laguntzen dutenak.

Instituaren eginkizun nagusiak honako hauek dira: Nafarroan bioteknologiarekin lotutako gaietan egiten den ikerketa ahaleginaren buru izatea; lortutako ezagupen zientifikoak nekazaritzan, osasunean eta ingurumenean aplika daitezkeen tresna bihurtzea; enpresa jardueraren garapena sustatzea; bioteknologiarekin lotutako teknologia berrien aholkularitza teknikoa eskaintzea irakaskuntza eta enpresa komunitateei; eta ikertzaileak prestatzea doktoretza aurreko beken programaren bidez eta doktoretza ondoko kontratuen bidez.