Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena, Ikerketarako errektoreordea

Alfonso Carlosena, Ikerketarako errektoreordea

Alfonso Carlosena García Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako errektoreordea izango da Campus Iberusen Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa abian jarriko duen batzordeko burua. Iberus Nazioarteko Bikaintasun Campuseko Behin-behineko Batzordeak izendatu du. Zaragozako, Errioxako eta Lleidako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute batzorde hori.

Campus Iberusen Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa Campus Iberusek irakaskuntza hobetzeko eta Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko lehentasunez abian jarritako ekimenetako bat da. Zentro hau abian jartzeko lanak martxoan hasi ziren, eta 2011-12 ikasturtean hasiko da lanean. Lau unibertsitateek batera eskainitako nazioarteko master eta doktoretzen arloko bikaintasuneko irakaskuntza-eskaintza bertan emango da, eta campusaren espezializazio-lerroen arabera egituratuko da.

Alfonso Carlosena errektoreordeak batzordeko kideekin batera lan egingo du, Nazioarteko Bikaintasun Campusaren Plan Estrategikoaren barnean, zentroaren helburuak, eskumena, lan-egitasmoa eta funtzionamendu-egitura definitzeko. Paueko Unibertsitateak eta Toulouseko PRES Unibertsitateak (Pôle de Rechereche et d’Enseignement Supérieur) ekimen honetan parte hartuko dutela aurreikusten da. Mugaz gaindiko campus handi bat garatu nahi da unibertsitate horiekin batera. Osotara, bost batzorde eratu dira, eta hainbat gai garatuko dituzte. Esaterako, hauek: irakaskuntza, ikerketa-transferentzia, nazioartekotzea, aurrekontuak eta lehen aipatutako Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa.

Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campusa kalifikazioa eman zion 2010eko urrian Iberus proiektuari. Aurtengo ekainean, Campus Iberus kontsortzioa sortzea erabaki zuten batzordea osatzen duten lau unibertsitateek. Proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak abian jartzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da erakunde hori.

Campus proposamena hiru espezializazio arlotan egituratzen da: bizi-kalitaterako materialak eta teknologia (bi adar ditu: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena); nekazaritako elikagaiak eta nutrizioa; eta memoria, ondarea eta identitateak. Campuseko unibertsitateek lankidetzan jardungo dute azpiegiturak, zerbitzuak eta zentro komunak abian jartzeko. Horien artean daude Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa, Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentro bat, Enpresekin Ikertzeko Zentro Mistoak eta Nazioarteko Harrera Zentro bat. Halaber, Campus Iberus proposamenak hitzarmen bat egitea aurreikusten du Toulouseko eta Pauko unibertsitateekin, mugaz gaindiko campus bat eratzeko.