Joan eduki nagusira

zoom Angel García Sanz

Angel García Sanz

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ángel García-Sanz Historia Garaikideko katedradunak ikerketa lan bat argitaratu du, eta hartan zalantzan jartzen da “Gamazada” Nafarroako eta ez beste inongo gertakaria izatea, eta galdera berriak sorrarazi dira izen horren jatorriari buruz. Ikerketaren izenburua honako hau da:“Gamazada edo Gamazadak? 1893-1894: baieztapen nabarristako pasarte esanguratsu baten testuingurua”, “Procesos de nacionalización en la España contemporánea” izeneko (Nazionalizazio prozesuak Espainia Garaikidean) talde lanean argitaratu da. Salamancako Unibertsitateak argitaratu du lana.

“Gamazada” izenarekin ezagutzen dira Nafarroan 1893 eta 1894an izandako gertakariak, 1841eko Lege Paktatuak ezarritako probintziaren zerga erregimena aldatzeko Germán Gamazo Ogasun ministroak egindako saioaren ondoren. Gertaera hark, artean foruen aurkako erasotzat hartu zenak, protestaldiak sorrarazi zituen Foru Diputazioan, Udaletan, prentsan eta herritarren artean, haren aurkako jarrera agertu baitzuten manifestaldien bidez.

Ángel García-Sanzek bere lanean dio eremu horretan egin diren ikerketen aurrerapenek Nafarroako ikuspegi murriztailea gainditzera behartzen gaituztela, eta gertatu ziren testuinguru historiko osoari erreparatu behar diogula: XIX. mendearen amaierako nekazaritza krisialdiak eta zerga gehiagoren bidez Ogasuna sendotzeko Gamazoren politikaren aurkako protestaldi handiak. Era berean, horri gehitu behar zaio Gamazoren eta Gobernuaren beraren planek sorrarazitako eskualdearen gorakadaren testuingurua.

Antzeko gertaerak beste eskualde batzuetan

NUPeko katedradunak bere ikerketan bildu ditu garai berean Espainiako beste leku batzuetan izandako gertaerak Gamazok eta Sagastaren Gobernuak ogasunean, administrazioan eta arlo militarrean zeuzkaten berrikuntza proiektuei erantzunez. Aragoi, Katalunia, Valentzia, Alacant eta Valladolideko nekazariak zerga gehiago jartzen zituzten politika horien aurka azaldu ziren, esaterako, salgai jarritako ardo litro bakoitzari 5 zentimoko zerga ezartzearena. Manifestazioak, Nafarroan egin zirenak bezala, baketsuak, jendetsuak eta eskualde bakoitzean eragin gehien zeuzkaten sektoreek antolatuak izan ziren.

García-Sanzen ustez, Nafarroako foru-eztandari esklusibitatea kentzen dion beste faktore bat da ikustea nekazaritzako interesen defentsa nola joan zen lotzen eskualde mugimenduaren hazkundeari. Sentimendu horiek suspertu egin ziren baita goi jeneraltzak ezabatzearekin ere, esaterako Gasteizen eta A coruñan, eta horrek harremanak sorrarazi zituen Kataluniako, Galiziako eta Euskadiko eskualde mugimenduen artean.

Historia Garaikideko katedradunak egin duen ikerketan garrantzitsu ikusten du datuen bidez egiaztatzea ea Gamazok horrela jarduen zuen ogasun arrazoiengatik bakarrik, Espainiako beste leku batzuetan bezala, edo Nafarroako foru eraentza ezabatzeko asmoz jarduen zuen. García-Sanzek, horren harira, Martín Enrique Guelbenzu Tuterako Gorteetarako diputatuari idatzi zizkion hitzak dakartza gogora, horietan zioenez “nire asmoa ez da izan inolaz ere herrialde horren autonomia eta foruak erasotzea”.

Era berean, dio Espainia osoan sortu zen “antigamazismoak” hartu zuen garrantzia ikusirik, zalantzan jarri behar dela Nafarroak hori eteteko egin zuen presioaren garrantzia –“batzuek nahi duten bezala”-, zeren, Amós Salvador, haren ondorengoak, politika berari ekin baitzion.

“Gamazada” terminoaren erabilera

Ikerketa lanak, era berean, galderak sorrarazi ditu “Gamazada” terminoaren aitatasunari dagokionez, eta haren erabilerari buruz Nafarroatik eta Euskaditik kanpo. Horren harira, García-Sanzek aipatzen du Daniel Balaciart-ek 1894an idatzitako liburua, “La Gamazada: historia encomiástica desde los últimos días de la creación hasta el fin del mundo” (Gamazada: laudoriozko historia sortu zen azken egunetatik munduaren amaierara arte). Liburu horretan, Balaciartek kritika gogorrak egiten dizkio Germán Gamazori. Izan ere, haren ministerioan jardun zuen Ordainketen eta Zergen Zuzendaritzako goi kargu lanetan.

1894an ere “Gamazada” terminoa erabiltzen zen politika giroetan. Hortaz, ministerio krisi batek sorrarazitako eztabaida bat zela eta, Ganberatik diputatu talde bat ateratzearen ondorioz, parlamentuko zenbait kronikagilek azaldu zuten diputatuen beste talde batek gertaera horri “Gamazada” izena eman ziola. Beraz, Ángel García-Sanzek uste du bidezkoa dela aztertzea zein unetatik aurrera hasi zen termino hori erabiltzen eta, baita ere, jatorria non duen.

Ángel García-Sanzek gai honi buruzko beste lan batzuk ere egin ditu. Izan ere, honako lan hauek argitaratu ditu “La insurrección fuerista de 1893. Foralismo oficial vesus foralismo popular durante la Gamazada” (1893ko foruen matxinada. Foralismo ofiziala versus herri foralismoa Gamazada bitartean) (Príncipe de Viana, 1988), “La Navarra de la Gamazada y Luis Mogote” (Gamazadako Nafarroa eta Luis Mogote) (GraphyCems, 1993) eta (Gamazada eta Nafarroako foruen monumentua. Nabarrismo euskaltzalearen muga politikoak (1893-1915)).